Parkeetako kirol makinak erabiltzen ikasteko ikastaroa hasi dute Ondarroan, 60 urtetik gorakoek
Ondarroako Udalak antolatuta, parkeetako soinketa makinak erabiltzen ikasteko ikastaroa abiatu dute, “nagusienek ere kirola eta osasuna zaintzeko” aukera izan dezaten. Udalak mota horretako ekimenekin, hain zuzen ere, garrantzia eman nahi izan dio osasunaren zaintzari.
Hori dela eta, “kirola egin eta ohitura osasungarriak sustatzeko” ikastaro berria jarri dute martxan. Atzo [apirilak 7] egin zen lehenengo saioa kiroldegian, eta bertaratutakoei ikastaroaren aurkezpena eta bakoitzaren egoera ezagutzeko testa egin zizkieten adituek. Hurrengo saioei dagokionez, testaren emaitzak ikusi eta parte hartzaile bakoitzari dagozkion ariketak jarriko dizkiete begiraleek.
Atzo hasita, bi hilabeteko iraupena izango du ikastaroak, eta bertan parte hartzeko interesa dutenek eguenetan kiroldegira hurreratu besterik ez dute, 10:30etik aurrera. Udal ordezkariek aurreratu dutenez, ariketak parkean egingo dituzte, eta eguraldi txarragaz, ostera, kiroldegian bertan.