Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako suhiltzaileek Eusko Jaurlaritzak ezarri nahi duen
suhiltzaileen legearen aurka egiteko egingo dituzte martxak hiru lurraldetan. Lea-Artibai eta Mutrikuko eremuaz arduratzen den
Markina-Xemeingo suhiltzaile etxeko beharginek ere martxarekin bat egin dute. Martxak
oinez zein bizikletaz egingo dituztela jakitera eman dute, eta
hiru etapatan banatuta egongo dira.
Apirilaren 12an [martitzena] hasiko dira etapak, eta hilaren 15era arte [barikua] egingo dira. Bizkaia mailako hiru etapak, baina,
eguaztenean hasi eta eguenean amaituko dira. Eta Bizkaiko
bigarren etapa Lekeition hasiko da,
eguaztenean [apirilak 13]. “Herrietatik kanpo bizikletekin egingo dugu martxa, baina herri barruan oinez joango gara, jendearengana gerturatu eta legearen gorabeherak hobeto azaltzeko”.
Lekeition 11:00etan ekingo diote martxari, eta kostaldetik Ondarrorantz egingo dute;
13:00ak aldera ailegatuko dira
Ondarroara,
14:30ean Berriatuara eta
15:00etan Markina-Xemeinera. 17:00ak aldera Iurretan amaituko dutela aurreratu dute. Horrela ba, bertoko suhiltzaileek 50 kilometroko ibilbidea egingo dute bigarren etapa horretan.
[KLIK BATEN] ETAPA GUZTIAK, LURRALDEZ LURRALDE
Legearen gorabeherak. Suhiltzaileen esanetan, lege horrek, gaur egun suhiltzaile parkeek eskaintzen dituzten zerbitzuak eskastuko ditu. “Legea anbiguoa da; bukatu gabeko lege bat da eta murrizketei ateak zabalik uzten dizkie. Besteak beste, suhiltzaile etxeak gauez istea eta abar ekar ditzake”. Orokorrean, legeak, suhiltzaileen zerbitzuari ez diola onurarik egiten gaineratu dute.
HITZAk otsailean Markina-Xemeingo suhiltzaile etxeko profesionalekin egindako
bideo erreportajean legeak ekarri ahal duenaz berba egin zuten suhiltzaileek. “Alde batetik, borondatezko suhiltzaileen figura aurreikusten du legeak, eta guk hori ez dugu nahi. Denaren gainetik, suhiltzaileok profesionalak izan behar gara”.
http://www.youtube.com/watch?v=y5fgcrQS-gI
Egungo Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek suhiltzaileak profesionalak izaten jarraituko dutela zin egin badie ere, hurrengo urteetan gertatu ahal denaz kezkatuta agertzen diren suhiltzaileak. “Egungo Aldundiak borondate ona eduki ahal du, baina gero, beste alderdi politiko bat ipintzen bada Aldundian, horrek beste erabaki bat hartu ahal du. Horrela ba, guk eskatzen duguna legea itxia izatea, non suhiltzaileen parkeetako beharginen profesionaltasuna bermatzen den eta funtzioak .”
Suhiltzaileen legeari “bai” esaten badiote ere, “lege honi ez” esaten diotela argitu dute.
Suhiltzaileek Jaurlaritzari legearen ezarpena bertan behera lagatzeko eskatu diote. Horren aurrean, suhiltzaileen sindikatuek eta suhiltzaile profesionalen iritzia kontuan hartuta, “benetako suhiltzaile legeari” heltzeko exijitu diote.
Halaber, herritarrei ere Jaurlaritzak ezarri nahi duen lege horren aurka egiteko eskaria egin nahi izan diete. Horretarako,
sinadura bilketa bat jarri dute abian. “Larrialdiek ordutegirik ez dutelako, lagundu iezaiguzue”.