Lekeition hasi eta Ispaster, Mendexa eta Amorototik igaro ziren, joan den zapatuan, Lekeitioko Mendi Martxan parte hartu zuten 486 mendizaleak. Euria eta basa ere izan zuten bidelagun, momentu batzuetan, baina bai ibilbideagaz bai eta antolakuntzagaz ere pozik agertu dira parte hartzaileak.
Mendi martxako antolatzaile eta parte hartzaileak plazan. Argazkia: Lumentza mendi taldea
Urte askotan egin barik egon ondoren, 15 urtez hain zuzen ere, arrakasta handiagaz berreskuratu dute Lekeitioko Udalak eta Lumentza mendi taldeak urteroko hitzordu bihurtu nahi duten mendi martxa.
Parte hartzaileek bi ibilbide izan zituzten aukeran. 24 kilometrotako ibilbide luzea eta 12 kilometrotako laburra, biak plazatik irtenda, eta Otoioko azken aldapa igotzea izan zela gogorrena adierazi zuten batzuek, basa zela eta labainkor zegoelako.