Idi-proben VI. emakume-sariketan espero baino emaitza hobea lortu du Ainhoa Ibarzabal markina-xemeindarrak. Leioako Euskal Kirol Zaleak elkarteak antolatuta, atzo arratsaldean lehiatu ziren, Leioako Ondiz auzoko probalekuan, emakumeen idi demak. 39 untze eginda, bigarren geratu zen Ibarzabal.
Ainhoa Ibarzabal itzain lanak egiten atzo, Emakumeen idi-proben VI. Sariketan.
Berriatuko Usaistiren idiak gidatu zituen markina-xemeingo gazteak, “sekula plazara atera gabeak eta entrenatu ere egin barik”, eta beraz, emaitzagaz pozik geratu da Ibarzabal. “Jendea aurrean zelan konponduko ziren ere ez genekien, baina polito ibili ziren”, azaldu du. “Egin nuen ahalegin guztiagaz lehenengo geratu bagina modura nago”.
Urrutiaren laguntza ere izan zuen karretero egiteko. “Bera atzean jarri zen buelta batean eta nik aurretik eraman nituen idiak”, zehaztu du.
Artetxe, garaile
Irenek Artetxek irabazi du Ondizko idi-proben VI. emakume-sariketa. Hainbat txapelketetan aurrean dabiltzan Billelako Lopategiren idi parea gidatu zuen atzo, Lezamako itzainak, eta animaliek 42 untza egitea lortu zuen.
Amalur Arbelaitz geratu zen hirugarren, ia 38 untze eginda.
Ainhoa Ibarzabal Berriatuko Usaistiren animaliak gidatzen, atzo, Ondizko probalekuan.
Elkartasuna helburu
Leioako Euskal Kirol Zaleak elkartea 1976 urtean sortu zen, eta bere 40. urtemuga ospatzeari ekin zion atzo. Horrela, arratsaldeko idi probez gain, Lapikoko solidarioa ere antolatu zuen goizean. 350 razio indar saldu zituzten eta Ondizko probalekua ere beteta egon zen.
Bi ekimenetatik lortu zituzten etekinak Leioa eta Lamiakoko Caritas erakundeari laguntzeko izango dira.