Azken garaipenei esker, sailkapen taulan
gorako bidean jarraitzen dute Ondarroako Aurrerako nagusiek. Hain zuzen ere, Elgorriagaren aurka zapatuan [apirilak 9] lortutako hiru puntuei esker, postu bat gorago daude Mikel Etxaburu
Pixki-ren eta Joseba Plazaren mutilak.
Aurrerako jokalariak eta talde teknikoa garaipena ospatzen, Gasteizen. Argazkia: Aurrera
Ondarrutarrek partida oso ona jokatu ez bazuten ere,
Elgorriagaren aurka 1-3 irabazi zuten Gasteizen. Neurketa ez zuten oso ondo hasi, baina gerokoan, markagailuari buelta ematea lortu zuten. Uribesalgok faltaz lehenengo, eta Arufe eta Andoniren golei esker, garaipena Ondarroara ekarri zuten.
Azken hiru puntuak oso garrantzitsuak izan badira ere,
jaitsiera postuak saihestea ez dute lortu oraindik. 33 puntugaz, 18. postuan daude, baina 3. mailari eusteko bidea gero eta hurbilago dute. Izan ere, sailkapen taulan euren aurretik dagoen Aurrera Vitoriak ere puntu kopuru bera du.
Aurrerako jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: Aurrera
Denboraldia amaitzeko bost jardunaldi falta dira, eta hurrengo zapatuan [apirilak 16] Aurrera Vitoriaren aurka jokatuko dute Zaldupen. Taldeko arduradunek azpimarratu dutenez,
hil ala biziko partida izango da zapatukoa, eta irabaziz gero, behin behinean salbatze postuetan egotea lortuko lukete.
Asteburuko partidara begira, klubeko arduradunek zaleen babesa eskatu dute, eta
Zaldupera joateko deialdi berezia egin dute. “Guztion indarra beharko dugu garaipena etxean geratzeko”.