Preso eta iheslari ohiei babesa emateko sortutako
Harrera Elkartea 2012an sortu bazen ere, eguztenean [apirilak 13] aurkeztuko dute Mutrikun, 19:30ean, Luardo Etxean.
Euskal preso eta errefuxiatu izandakoei gaur egungo gizartean duintasunez bizi eta egokitu daitezen behar duten laguntza emoteko sortu den taldea da Harrera elkartea. Izan ere, euskal preso ohien arabera, espetxetik ateratzen direnean hainbat zailtasunei egin behar izaten diote aurre. “1980ko hamarkadan presoak espetxetik irtetzen hasi zirenean ikusi zen hutsune ezberdinak zeudela, eta hutsune horiek betetzeko laguntza behar zutela. Urteetan talde ezberdinak egon badira ere, azken urtean lortu da Euskal Herri mailan talde bat egituratzea: Harrera Elkartea”.
Azken finean, neurri gabeko elkartasuna eskaini nahi die elkarteak espetxetik ateratzen dien preso politikoei; laguntza ekonomikoa emanez, etxebizitzak edo lanpostuak bilatzen lagunduz, gaixoak artatuko dituzten sendagileak aholkatuz…
Antolatzaileek herritar guztiak aurkezpenean parte hartzera gonbidatu dituzte. “Elkartearen helburuarekin bat egiten duen edozein herritarrek ere parte har dezake, edozein sentsibilitatekoa izanda ere. Laguntza guztiak izango dira ongi etorriak, bakoitzak bere mailan, eta elkartearen bazkide egiteko aukera ere izango da”.