Barikuan [apirilak 15] hasiko da XV. Plazatik Gaztetxera bertso txapelketa, Eibarren. Orain arte egin modura, Markina-Xemeingo eta Mutrikuko gaztetxeak txapelketaren lekuko izango dira. Aurten, baina, estreinako, Ondarroak ere ekimenarekin bat egin du eta kanporaketa bat bertan jokatuko da. Zapatuan [apirilak 16] izango da hori, Anaitasuna tabernan.
Txapelketak zazpi saio eskainiko ditu eta horiek guztiak 22:30ean hasiko dira; aurreko urteetan egin modura, aurretik gaztetxean afaltzeko aukera egongo da (20:30).
32 bertsolarik parte hartuko dute eta bikotekako formatuan ariko dira.
Zazpi gazte asanbladek antolatzen dute txapelketa, eta horiek jakitera eman dutenez, txapelketaren helburuak hasiera bateko berdinak izaten jarraitzen dute: Euskal Herriko bertsolari gazteei kantatzeko aukera eman, bertsoa gazteengana hurreratu eta gaztetxeak aurreko bi helburuak lortzeko tresna gisa erabili.
Halaber, bertso txapelketa formal eta lehiakorren aurrean bestelako eredu bat bultzatu nahi dutela diote. “Plazatik Gaztetxera eredu berriak martxan jartzeko gune gisa ikusten dugu, eta nahiz eta txapelketa bat den neurrian lehia egon, eredu formal lehiakorraren planteamendua alde batera laga nahi izaten dugu”.
Iazko Plazatik Gaztetxera Txapelketaren finalean Markina-Xemeinen lehiatu zirenak.
Berrikuntzak. Aurten, gainera, saioak epaitzeko sisteman berrikuntzak egongo dira: bertso bakoitzari epaile talde batek puntuazio jakin bat eman beharrean, 5-7 pertsonek osatutako publikoko talde batek (aurretiaz aukeratuko dena) gehien iritsi den edo transmititu duen bikotea aukeratuko du. “Ez gara matematiketan sartuko puntuak batzen”.
Aurten, epaimahaiak bertso bakoitza puntuatu ordez, publikoko 5-7 pertsona aukeratuko dira eta talde berezia osatuko dute; talde horrek eta publiko osoak aukeratuko dituzte sailkatuak
Txapelketak hiru fase edukiko ditu. Lehenengo fasean lau kanporaketa jokatuko dira, eta bakoitzean lau bikotek parte hartuko dute. Guztira, beraz, hamasei bikotek parte hartuko dute lehenengo fasean (32 bertsolari). “Publikoak eta publikoko kideekin osatutako taldeak aukeratuta, saio bakoitzetik bi bikote pasako dira finalerdietara”.
Bigarren fasean bi finalerdi jokatuko dira –horietako bat Markina-Xemeinen–, eta bakoitzean lau bikote ariko dira. “Kanporaketetako logika mantenduko dugu, eta modu berean aukeratuko dira finalera pasako direnak (saio bakoitzeko bi)”.
Saioan sailkatu direnak talde bereziak eta entzuleek aukeratutakoak izango badira ere,
biek bikote bera aukeratzen badute, talde bereziak egindako zerrendan bigarren dagoen bikotea sailkatuko da.
Finala Mutrikun jokatuko da, maiatzaren 21ean. Egun horretan, gainera, Plazatik Gaztetxera eguna ospatuko da eta finala horren baitan jokatuko da.
Bertsolariek egin beharreko ariketak. Ariketetan aldaketa batzuk egin dituzte: Hasierako agurra; zortziko handian hiruna bertso (bertsolari guztiek); zortziko txikian hiruna bertso (bertsolari guztiek); herri bakoitzeko berba asmatzeko ariketa (bikote bakoitzari bina berba); gaia emanda launa kopla; bakarka bina bertso.
KANPORAKETAK:
Apirilak 15 (Eibar). Bertsolariak:
- Manex Astigarraga-Maddi Sarasua
- Ane Zuazubiskar-Maria Izaga
- Aissa Intxausti-Malen Amenabar
- Aitor Salegi-Antton Aizpurua
Apirilak 16 (Ondarroa). Bertsolariak:
- Markel Baroja-Txaber Altube
- Aitor Irastorza-Koldo Gerezuaga
- Eñaut Martikorena-Imanol
- Arrate Ilaro-Beñat Torres
Apirilak 22 (Soraluze). Bertsolariak:
- Mikel Goiriena-Gorka Maiz
- Eli Pagola-Iñigo Zubiaurre
- Mikel Lasarte-Saioa Alkaiza
- Maider Arregi-Jon Pinedo
Apirilak 23 (Bergara). Bertsolariak:
- Aitzol Iturbe-Unai Aranzabal
- Aitor Servier-Paula Amilburu
- Josune Arakistain-Ander Zulaika
- Asier Galarza-Aratz Igartzabal
FINALERDIAK (afaria 20:30ean eta saioa 22:30ean):
- Apirilak 30 (Deba): Eibarko eta Soraluzeko sailkatuak+Ondarroako eta Bergarako entzuleen sailkatuak.
- Maiatzak 7 (Markina-Xemein): Ondarroako eta Bergarako sailkatuak+Eibarko eta Soraluzeko entzuleen sailkatuak.
FINALA+PLAZATIK GAZTETXERA EGUNA
- Maiatzak 21 (Mutriku). Egun guztiko egitaraua.