Lekeitioko Udalak eskualdatzea egiteko eta hamar urte atzerago hasitako prozesua amaitzeko nahia erakutsi du. Eta horretarako, Koldo Goitia Lekeitiko alkatea eta Jose Maria Kazalis EAJren senataria
Madrilgo Kosta Zuzendaritzako ordezkariekin bildu ziren. Horiek ontzat eman dute Goitiak eta Kazalisek egindako eskaera eta Mendieta euskal erakundeen esku lagatzeko konpromisoa hartu dute. Funtsean, bertokoek “erriberako ontziolari onena” leheneratu eta mantentzea nahi dute.
EAJko kideek jakitera eman dutenez, egungo kontzesioari amaiera eman eta
ontziola euskal erakundeen esku lagatzeko nahikoa arrazoi daudela diote Kosta Zuzendaritzako ordezkariek. Gainera, Lekeitioko Udalak erakutsi duen interesak prozesua amaitzea erraztuko duela onartu dute Madrilen; interes hori modu ofizialean jakinarazteko esan diete bai Kazalisi eta baita Goitiari ere.
Koldo Goitia eta Jose Mari Kazalis: “Ez dago Mendieta ontziola bezalakorik, eta ez dugu galdu nahi; leheneratu egion nahi dugu”
2008an, Kazalis Lekeitioko alkate zela
ontziola leheneratzeko proiektua egin zen. Proiektu hori, gainera, Lekeition Interpretazio Zentroa martxan jartzeko prozesuaren barruan zegoen kokatuta; eerakusketa eremuaren osagarri lez, Mendietarako ekimen dinamizatzailea izango zuen zentro integrala ere egokitzea proposatzen zen. “Balioan jarri nahi dugu, eta horretarako lau aldetako elkarlana eskatuko dugu (Espainiko Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Lekeitioko Udala). Denon artean bilatuko dugu emango diogun erabilera. Hori, beti ere, monumentu izendapenarekin eta Kosta Legeak ahalbidetzen dituen erabilerekin bat etorriko dena izango da”.
Jose Maria Kazalis eta Koldo Goitia, Madrilen. Argazkia: EAJ
Kantauriko erriberako delako, Mendietako ontziola monumentu multzo moduan dago sailkatuta. “Mendieta moduko ontziolarik ez dago, eta ez dugu galdu nahi”, azaldu dute Goitiak eta Kazalisek.
Mendietako lehen ontziola 1884an eraiki bazuten ere, 1913an sute batek erabat suntsitu ostean, 1917an altxatu zuten berriro ere. Beraz, 2017an eraikinaren mendeurrena izango da.