Markina-Xemeingo LEARTIKER zentro teknologikoak Gaxure izeneko produktu gastronomiko berritzailearen aurkezpena egin du, gaur eguerdian, Bilboko Yimby aretoan. Ekitaldian egon dira, bai eta ere, proiektu horren aldeko apustua egin duten erakunde publikoetako ordezkariak: Imanol Pradales Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapen diputatua eta Peli Manterola Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria.
Gaxure gatzur kremaren aurkezpen ekitaldia. Argazkia: Leartiker
Aurkezle lanetan aritu den Naia Andonegi Leartikerreko ikertzaile eta elikagaien arloko arduradunak azaldu duen moduan, Lea-Artibaiko Landa Garapen Elkartea, MIBA kooperatiba, Azaro Fundazioa eta Barroeta (Markina-Xemein) eta Txori Errota (Abadiño) gaztandegiekin batera, Leartiker zentro teknologikoak egindako lau urtetako ikerketa eta lankidetzari esker sortu da Gaxure gatzur krema.
Gaztandegiek gazta egiterakoan sortzen den gatzurarekin duten arazoari irtenbide bat bilatzeko proiektu bezala jaio zen Gaxure. “Gazta bat egiterakoan behar diren esne litroen %80a baino gehiago gatzura bilakatzen da, eta kontraesana badirudi ere, nutrienteetan oso aberatsa den azpiproduktu honek ingurugiroan inpaktua sortzen du. Hori dela eta, gaztandegiak derrigortuta daude gatzur hori tratatzera”, azaldu dute Iñaki Sainz Lea-Artibaiko Landa Garapen Elkarteko Lehendakari eta MIBA kooperatibako zuzendari ohiak eta Leartikerreko Malen Sarasua ikerlariak.
Gaxure gaztagileek beraien egunerokotasunean erraz barneratu dezaketen ekoizpen prozesu baten emaitza dela adierazi dute proiektuaren sustatzaileek. Gaztandegientzako negozioa dibertsikatzeko aukera bat ere badela gaineratu dute. “Inbertsio handirik egin gabe gourmet bezala sailkatutako produktu artisau bat sortzeko aukera dute, aldi berean, beraientzako buruhauste bat suposatzen duen gatzurari irtenbide bat emanaz”.
Gaztandegientzat erraztasunak
Malen Sarasuak aurreratu duen moduan, momentu honetan, Goine gaztandegia da Gaxure produzitzen ari den bakarra, baina beste gaztandegi batzuk ere agertu dute interesa. “Edozein gaztandegi artisauk proiekura gehitzeko erraztasun guztiak izango ditu, beste maila batetako enpresen aurrean lehentasuna izango dute”.
Paul Ibarra sukaldariak zuzendutako sukaldaritza erakustaldia. Argazkia: Leartiker
Peli Manterolak produktu berriak gizarteratu eta ezagutzera eman behar direla azpimarratu du, “kontsumitzaileak ezagutu, baloratu eta kontsumitu ditzan”. Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatuak produktu berri honen atzean dagoen ikerketa-lan garrantzitsua nabarmendu du eta era horretako proiektuak. I+G+b proiektuak garatuz, Aldundiak Bizkaian lan egiten duten ikerkuntza aurreratuko taldeei laguntzeko bultzatzen diharduen estrategiarekin bat datozela adierazi du.
Gonbidatuek Gaxure dastatu eta bere erabilera posibleak aurrez-aurre ikusteko aukera izan dute, Paul Ibarra Bilboko Los Fueros jatetxeko sukaldeburuak zuzendu duen sukaldaritza erakustaldian. Gaxurekin prestatutako pintxoak dastatu eta sukaldean laguntzeko eta produktua erabiltzeko aukera eduki dute.