Deabruak (Aurrebenjamin),
Kirriskarruak A (Benjamin),
Buru Gogorrak A (Alebin) eta
Asunto (Infantil) izan dira aurtengo Aste Santuan hasita, Lekeition jokatu den Hondartzako Futbol Txapelketako irabazleak. Poz-pozik ospatu zuten guztiak garaipena, eta aspaldiko ohitura den modura, batzuk, bainua ere hartu zuten, Isuntzako uretan.
Finalak jokatu zituzten taldeak, domeka goizean, Isuntzako hondartzan. Argazkia: Lekeitio Futbol Taldea
Domeka goizean [apirilak 17] jokatu ziren 40. Hondartzako Futbol Txapleketako finalak Isuntzako hondartzan, eta ondoren, sari banaketa egin zen plazako kioskoan. Irabazleei merezitako kopa eta dominak banatu, eta txalo zaparradak jotzeagaz gainera, aipamen bereziak ere egin zitzaizkien, alde batetik, Lekeitioko Futbol Taldeko nagusiei, Ohorezko Mailara heldu eta egiten ari diren lanagatik, eta bestetik, istripu bat izan zuen taldeko kide bati. “Istripu bat izan eta larri egon zen arren aurrera egin du Manexek eta entrenatzaile moduan jarraitzen du taldean. Guztion errespetua eta mirespena irabazi ditu”, azpimarratu du Eli Mendieta Lekeitio Futbol Taldeko lehendakariak.
Merezi duen txapelketa
311 ume eta gaztetxok hartu dute parte Lekeitioko Futbol Taldeak antolatu duen 40. futbol txapelketan, eta parte hartze handia eta giro ona izan dira nagusi. Azpimarratzekoa izan da, bai eta ere, Lekeitioko Futbol Taldeko guztien inplikazioa, bai jokalari zein zuzendaritza, guraso eta laguntzaileena. Hori dela eta, kirol ekitaldiaren balorazio on-ona egin dute antolatzaileek, eta atzetik behar handia dagoela onartu duten arren, umeek erakusten duen pozak guztia merezi duela nabarmendu dute.
Horrela, beraz, datorren urtean ere, futbol erakustaldiak eskaintzeko aukera izango dute Lekeitioko neska-mutilek Isuntza hondartzan.