Tarine udal musika eskolak antolatuta, San Gregorio jaiei hasiera ematen dien jaitsierarako prestaketak egingo dituzte eguenean [apirilak 21]. Zehatz esateko, turuten tailerra egingo dute. Izan ere, jaien hasiera ematen dien Kaxero Gaupaseroren jaitsieran herriko musikariek parte hartzen dute, turutekin.
Tailerra
17:00etatik 18:30era egingo dute, musika eskolan bertan. Eta Tarinekoek ikasleei eta horien gurasoei parte hartzeko oharra bidali diete. “Dena dela, beste
herritarren batek ere etorri nahi badu, ateak zabalik edukiko ditugu”. Izan ere, turuten tailerra eginez, Tarinekoek musika familia giroan txertatu nahi izan dute.
Otsailaren 11n egin zuten
lehenengo turuta tailerra. “Horretan, turutak konpondu edota berriak egin zituzten”. Bada, oraingoan, otsailean egindakoa errepikatu eta kalejiraren entsegatzen hasiko dira parte hartzaileak. “Oso garrantzitsua da entseguetan parte hartzea. Entsegatu barik ezin da kalejira ondo egin”.
Umeak, turutekin, iazko San Gregorio jaietako kalejiran.
Kalejira maiatzaren 6an egingo da, eta ordura arte,
hainbat entsegu egingo dituzte. Horietan parte hartzeko, herritarrek Tarineko ordezkariei jakinarazi beharko diete, eta haiek zehaztuko diete entseguen datak eta orduak.
Galdakao-Usansoloko ospitalean. Beste alde batetik, joan den asteko barikuan Galdakao-Usansoloko ospitalean izan ziren Tarineko musikariak. “Ondo pasatu zuten, gustura aritu ziren. Ordu erdiko bi saiotxo eskaini zituzten”. Esperientzia “aberasgarria” izan zela esateaz gain, datorren urtean ere joango direla aurreratu dute.
Tarineko musikariak, Galdakao-Usansoloko ospitalean. Argazkia: Tarine
Tarineko musikariak, ospitalean. Argazkia: Tarine.