Jadanik rallyzaleentzat galdu ezinezko hitzordu bihurtu den Lea-Artibai Rallya lehituko da barikuan [apirilak 22] eta zapatuan [apirilak 23], Lea-Artibai eta Busturialdeko errepideetan zehar. Bosgarren urtez jarraian, bi egunetako rallya antolatu du Kastinparro Racing eskuderiak. Barikuan, 21:00etan, irtengo du lehen parte hartzaileak Markina-Xemeindik, eta ikuskizunak ez du amaierarik izango, azken autoa zapatuan, 18:35ak aldera, Etxebarrira ailegatzen denera arte.
IV. Rallyko parte hartzaile bat.
Hamar tarte egin beharko dituzte Lea-Artibaiko V. Rallyan izena eman duten 75 parte hartzaileek. Guztira, 266,14 kilometro dira zeharkatuko dituztenak, eta euretatik neurtuak 111,27 kilometro izango dira.
Denbora aldetik, inoiz baino kontzentratuagoa izango da rallya, baina, aldi berean, kronometratutako tarteei dagokionez, orain arteko luzeena izango dela jakitera eman dute Kastinparro Racing taldekoek.
Bi tarte egingo dituzte barikuan, pilotu eta kopilotuek, rallyaren hasiera modura: Markina-Xemeingo herrigunetik Iturretara artekoa lehenengo eta Aginagatik Etxebarrira artekoa, ondoren.
Zapatuan, berriz, lau tarte egingo dituzte. Berriatutik Mendexara bitartean eta Ispaster, Ereño eta Nabarniz herrien artean ibiliko dira goizean. Munitibar, Ziortza eta Trabakua zeharkatuko dituzte, bestalde, arratsaldean, eta amaitzeko, Eibar eta Etxebarria arteko bidea egin beharko dute. Tarte guztiak bi bidar zeharkatuko dituzte autoek.
Aurkezpena
Urtero modura, ibilgailu guztien aurkezpena egingo dute barikuan, Markina-Xemeinen. Horretarako, ibilgailu guztiak Zelaian kokatuko duten podiumetik pasatuko dira, bata bestearen atzetik, minututik minutura. Podiumetik pasatu ondoren, Etxebarriko asistentzia gunera joango dira, autoari azken ikutuak eman eta lehenengo tarte kronometratuagaz hasteko.
Autoak Markina-Xemeingo Zelaian IV. Lea-Artibai Rallyan.
Egun bietako kilometro guztiak egin ondoren, Etxebarriko Olaia jatetxearen aurrean amaituko da rallya. Bertan jarriko duten podiumean egingo dute sari banaketa ere, 21:00ak aldera.
Bai autoak zein pilotu eta kopilotuak bertatik bertara ikusteko aukera eskainiko du, oraingoan ere, Eika alboan kokatuko den asistentzia guneak. Parte hartzaileek bertan izango dute euren ibilgailuak puntuan jartzeko gune bakarra, eta ikusleek bertara sartzea libre edukiko dute, rallya barru barrutik ezagutu ahal izateko.
Jauzia
Azken urteetan ikusmin handia eragin du Etxebarriko industrigunean egiten den tarte bereziak. Eibartik Etxebarrira doan bidearen amaieran ikuskizun txiki bat antolatzen dute Kastinparro Racing taldekoek. Launik parean eskumarantz hartu eta lurgainera sartuta, 200 metroko ibilbidea egin eta berriz errepidera irtetzen dira autoak, Eika atzera joan-etorria eginez, tartea amaitzeko.
Aurten baina, lurrezko tartean obrak egin dituztela eta, ezin izango da bertatik igaro. Hori dela eta, ikuskizunari jarraipena emateko asmoz, autoak Launik parera heltzen direnean, eskuinera barik, ezkerrera hartuko dutela jakitera eman dute antolatzaileek. «Horrela, Launik-eko aparkalekura sartu eta auto guztiak rallyrako espreski egindako ranpa batetik igaroko dira Miba parerantz jauzia egiteko», aurreratu dute. Ondoren, betiko modura Eika atzera joan etorria egingo dute tartea amaitzeko.
Parte hartzaileak
Maila handiko pilotu eta kopilotuak bilduko ditu probak, eta, urtero modura, Lea-Artibai eta Busturialdeko Hamaika, Gernika Racing eta zelan ez, rallyaren antolatzaileak diren Kastinparro Racing eskuderietako pilotu eta kopilotu ugarik hartuko dute parte.
Edu Gartzia pilotu ondarrutarrak aurten ere parte hartuko du rallyan.
75 parte hartzaileetatik hamabi auto dira Lea-Artibaikoak. Lehenengo hamarren artean irtengo dute Aitor Saizarrek eta Aitzol Lejardik (Renault Clio Sport), Txus Jaiok eta Jesus Urkidik (BMW 320i E30) eta Arkaitz Urangak eta Oihane Urangak (Peugeot 208 Vti R2).
Horiez gain, Lea-Artibai Rallyko borrokan egongo dira: Xabat Arrate eta Kaiet Bereziartua (Opel Corsa), Garikoitz Lopez eta Urko Pagoaga (Citroen Saxo Vts), Ander Txakartegi eta Alex Maguregi (Citroen Saxo Vts), Ioritz Abaroa pilotua (Citroen Saxo Vts), Edu Gartzia pilotua (Citroen Saxo Vts), Arkaitz Garate eta Bernat Iraolagoitia (Peugeot 206 Gti), Mikel Bilbao eta Maite Agirregomezkorta (Renault Clio 16v), Jose Jabier Aginaga pilotua (Seat 124 FL 1800) eta Kemen Atxurra eta Aitor Rocha (Peugeot 309 GTI).
IBILBIDEA
Ibilbideen mapa.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.