Joan den urteko
Joste Egunari jarraipena eman eta galdeketarantz bidea egiteko asmoagaz,
Bidea Jorratzen jaia antolatu du apirilaren 30ean, Markina-Xemeingo Gure Esku Dagok. Egun osoko jaia izango da, musika, solasaldi, bazkari eta guzti.
Trikitilariekin lagunduta egingo den
kalejiragaz hasiko da jaia
12:00etan, eta herrian zehar dantza giroan ibilita, Arkupe aurrera joango dira denak, hurrengo ekitaldiari hasiera emateko.
12:30ean galdeketa egin duten edo ekainean egitekoak diren Dima, Ispaster eta Arrakundiagakoekin
solasaldian jarduteko aukera egongo da, pintxo eta guzti. Gainera, nagusiek solasaldian parte hartu ahal izateko, bitartean, umeentzako jolasak egongo direla jakitera eman dute Markina-Xemeingo Gure Esku Dagoko kideek.
Oihalak josten Markina-Xemeinen.
14:30 kantu bazkarian batzeko ordua izango da. Paellak, oilaskoak, postreak eta kafeak osatzen dute menua, eta jatorduan parte hartu nahi duenak
apirilaren 26ra arte edukiko du txartelak erosteko aukera. Nagusientzat 15 eurotan eta ume, ikasle eta langabetuentzat 12 eurotan eskuratu daitezke txartelak Patxua, Sakris eta Zeharka tabernetan.
Bazkalostea jolasean igaro eta gero,
erromeria egongo da,
18:00etan, Plazabarripean.
Eguraldi ona egonez gero, ekitaldi nagusia, Arkupe aurrean egiteko asmoa dauka Gure Esku Dagok. Bestela, Plazabarripean izango dela aurreratu dute.
Bidea guztien artean jorratzen jarraitzeko, herritar denak gonbidatu dituzte jaian parte hartzera. “Iaz ere giro ikaragarria egon zen, eta aurten ere hori lortu nahi dugu”.