Ibon Perez ('Gernika' filmeko partaidea): "Zirraragarria izan zen Lekeitioko grabaketa eta ikaragarria leherketa"
“Nireak plano-sekuentziak izango dira gehienak, eta ordu askotan grabatu nituenak lau edo bost minututan ikusiko dira”Nor antzeztuko duzu bertan, zein da zure papera? Angel Caballerogaz (Tele 5n Paquirri antzeztu zuen Carmina TV-Moviean) batera ikusiko nauzue pantaila handian. Jose de Labauria Gernikako alkateagaz egongo gara biok jendea salbu jartzen. Gudaria izango naiz. Ezin dut kontu askorik aipatu, baina, dudarik barik, eszenarik dramatikoenean agertuko naiz, bonbardaketaren erdi-erdian.
Zenbat egunetan grabatu zenuen?
Bost egunean ibili nintzen handik-hona. Artziniega, Gordexola, Gernika eta Lekeitioko grabazioetan hartu nuen parte. Nireak plano-sekuentziak izango dira gehienak, eta ordu askotan grabatu nituenak lau edo bost minututan ikusiko dira.
Pelikula batean parte hartzen duzun lehen aldia izan da?
Zineman ez dut sekula lan egin, antolakuntzan izan ez bada. Jose Coronado Lekeitiora ekarri zuen Fuego thilerrean laguntzaile egon nintzen herrian figuranteak bilatzen, besterik ez.
Zu lekeitiarra izanik, zelakoa izan zen zure herriko grabaketan parte hartzea?
Gure herrian errodatu diren zatiak hain dira errealistak, ezin izango dela nabaritu zeintzuk diren Ezpeleta edo Arranegi kaleak. Suaz eta apurtutako harri-txikiz bete zituzten izkina guztiak. Han egon nintzen ni, nireak ez ziren eszenetan kuxkuxero eta gudariarenak egin behar nituenean aktore. Ni neu Dominiken komentutik gertu grabatu ziren eszenetan egon nintzen. Zirragarria izan zen bertako grabaketa, ikaragarria erdian harrapatu ninduen leherketa. Claret-ek, nire birraitona zenak, toki horretatik gertu argazki-denda bat zeukan, eta egoera berezia iruditu zitzaidan, polita benetan.
Ze giro bizi zenuten egun horietan Lekeition?
Arraroa begitandu zitzaidan Lekeition filmatzen aritzea. Aktoreen artean ni nintzen bakarrik bertokoa, ohore bat izan da herria filmean ordezkatzea, beraz. Madrilen lanean denbora egin eta gero, gudari jantzita bueltatu nintzen herrira, belarri aldeko ile, bizar eta belarritakorik barik. Nire gorputzean izan nitzakeen gauza «moderno» guztiak kendu zizkidaten, 1937an pentsaezinak ziren eta. Bitxia izan zen hainbat ezagun niregana argazki eske etortzea. Guzurmendi Tabernara sartu eta barre batzuk bota nituen, bertako Alaznek eta Eguzkiñek ezagutzen ez nindutela ikusita.
“Seguraski ez naiz inoiz guda batetik hain gertu egongo. Aiton-amonak joaten dauzkagu, eta entzuten ez baditugu, lurpera eramango dituzte sekretuak eta bizipenak”
Orokorrean zein izan zen grabaketetako giroa, aktoreak, zuzendaria…
Estresa, urduritasuna eta kontzentrazioa ziren nagusi set-ean. Hala ere, sekula ez dut Gernika filmean lan egin zuten 60 langileek erakutsi zuten moduko profesionaltasunik ikusi. Denak ziren hitz onak, eta irrifarrea ez zen haien ahoetatik desagertzen. Erraz emozionatzen ez den pertsona batek ezingo luke horrelako filmerik egin. Nire ustez horrexegatik aukeratu dute Koldo Serra, bihotz handiko zuzendaria delako, nahiz eta tamainuz gizon handia ez izan.
Gaiak indar handia dauka, mundu mailan da ezaguna Gernikako bonbardaketa, baina pelikulan parte hartuta ezer berririk jakin duzu, gertaera hurreragotik bizitzeko aukera izan duzu?
Gernikako eskola zaharretan, bonbardaketatik bizirik irten ziren adineko jendeagaz hitz egiteko aukera izan nuen. Gudari jantzita nengoela, haien testigantzak grabagailuekin grabatu ezean, betirako galduko direla konturatu nintzen, eta tristeziak menperatu ninduen. Seguraski ez naiz inoiz guda batetik hain gertu egongo. Aiton-amonak joaten dauzkagu, eta entzuten ez baditugu, lurpera eramango dituzte sekretuak eta bizipenak. Horregatik, hemendik aurrera, ez dut inoren kontakizunik entzuteko aukerarik galduko. Filmeak Gernikako bonbardaketari buruzko datu berriak plazaratzeaz gainera, antzinako zentsura-bulegoak erakutsiko dizkigu. Kabinete hauek ez dira iraganeko kontuak, oraindik orain, informazioa enpresa handiek eta gobernuek kontrolatzen baitute. Wikileaks eta kazetari independenteak dira bakarrik albiste fidagarrien igorle. Kazetaritza hori da pelikulan ikusiko duguna, benetakoa, Kapuciskyren esentzia biltzen duena.
Teaserra kaleratu berri dute, eta estreinaldia ere atarian da. Nola uste duzu hartuko duela publikoak filma?
Jendea oraintsu hasi da filmearen berri izaten, hari buruz Euskal Herrian hasieratik jakin izan badugu ere. Teaserrak, laburra bada ere, ikusmin handia eragin du, eta bi egunetan 80.000 erreprodukzio izan ditu.
Pelikula osorik ikusteko aukerarik eduki duzu? Azken emaitza zelakoa izango dela uste duzu?
Nire eszenak zeintzuk diren jakinda, buruan puzzle bat egin eta argumentuaren nondin-norakoak imajinatu ditzaket, gehiagorik ez. Joan den azaroan, Koldo Serrak eta Unax Mendia Gernika filmeko argazki-zuzendariak irudi batzuk erakutsi zizkiguten esklusiban, baina ez nuen arreta askorik jarri. Nahiago dut pelikula Ikusgarri zinema aretoan ikusi.
“Aktore bezala aritzen banaiz, kazetari bezala izan dezakedan sinesgarritasuna galduko dut, eta informatzen jarraitu nahiko nuke, jendeari gauzak kontatzeko garai aproposa da eta”
Estreinaldira joango zara?
Nola ez! Bonbardaketa izan zen egun berean estreinatuko dute Malagan. Pelikulako lantaldearentzat berezia da Gernika han estreinatzea, Picasso bera ere hangoa zen eta. Malagan ikusiko da filma lehenengo, hortaz, eta aurreraxeago ekarriko dute gurera.
Joan den urtean grabatu zen filma. Hortik aurrera beste pelikularen batean lan egin duzu? Aktore aritzeko asmorik badaukazu?
Gazteago nintzela ETB 2ko Euskolegas umore saioan Pruden Txikiren papera egin nuen hiruzpalau aldiz. Nagusiago naizen honetan, ez diet inondik inora benetako aktoreei lanik kendu nahi. Gainera, aktore bezala aritzen banaiz, kazetari bezala izan dezakedan sinesgarritasuna galduko dut, eta informatzen jarraitu nahiko nuke, jendeari gauzak kontatzeko garai aproposa da eta. Aitor Zugadi lagun lekeitiarra prestatzen ari den film laburrean ez bada, ez naiz inon agertuko [barrez].
Zeintzuk dira momentu honetan esku artean dauzkazun proiektuak?
Aletxu Etxebarria Euskadiko Ikus-entzunezko eta Eduki Digitalen Klusterreko lehendakariagaz telebistarako programak garatzen ari naiz orain momentuan. The Blackout Project zuzentzen du berak, eta, besteak beste, Movistar TVen, Tele 5n eta ETBn ikus daitezke ekoiztetxe horrek prestatu dituen produkzioak. Panda Antivirus edo Vocentoren ikus-entzunezko sailarentzako ekitaldiak garatu ditugu elkarregaz.