Leartiker zentro teknologikoak laugarren "Polymers and Medical Aplications" jardunaldia antolatu du
Polimero eta osasun arloko ikerketan aitzindariak eta punta-puntakoak diren Bioef, CiC biomaGUNE, Ultrasion, Kraiburg eta BTI Biotechnology Institute bezalako enpresek eta erakundeek hartuko dute parte eta Health negozio-unitateko arduradun den Ane Miren Zaldua doktorearen hitzetan, bertaratuentzako oso gai baliagarriak aurkeztuko dira ekitaldi horretan. Horrenbestez, oinarrizko ikerketa industria-sektorera transferitzearekin lotutako gai espezifikoak, injekzio konbentzionalarekin alderatuta ultrasoinu bidezko injekzioaren abantailak, termoplastiko elastomeroen inguruko azken aurrerapenak eta osasun arloan 3d inprimatzeko material konposatuen garapena landuko dituzte.
Biomedikuntzaren sektorea: etorkizuneko erronka Markina-Xemeingo zentroarentzat
Leartikerren plan estrategikoaren helburua, 2020an, teknologia-gunearen ikerketa-bolumenaren % 30 biomedikuntzaren sektorearekin erlazionatua egotea dela jakitera eman dute zentro teknologikoko arduradunek. “Sektore horretan, Leartikerren ikerketa balio erantsi handiko medikuntza-gailu berriak garatzera bideratua dago eta helburu hori lortzeko hainbat akordio sinatu dira zenbait enpresekin, unibertsitaterekin eta erakunde europarrekin”.
Horrela, gaur egungo medikuntzan erabiltzen diren sistemak eta tresnak hobetzen lagunduko duten material polimeriko berriak aztertzen ari dira.