Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Udabarriko Faseko hirugarren eta laugarren kanporaketak jokatu dira asteburuan Erandion eta Ondarroan, hurrenez hurren. Ondarroako saioa Nerea Ibarzabal Markina-Xemeingo bertsolariak irabazi zuen.
Ibarzabalek 188,5 puntu lortu zituen domekan Ondarroako Beikozinin jokatutako saioan. Bigarren postua, ostera, Mikel Retolaza busturiarrarentzat izan zen (174,5 puntu).
Beste alde batetik, zapatuan hirugarren kanporaketa jokatu zen, Erandion. Saio hori Arrate Illaro Uribe Kostako bertsolariak irabazi zuen (188 puntu). Horretan, baina, Bikain Urkiri (94,5) ondarrutarrak seigarren egin zuen.
Hurrengo kanporaketa zapatuan [apirilak 30] jokatuko da, 17:30ean, Derioko Gurea aretoan. Horretan, Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarrak parte hartuko du.
Nerea Ibarzabal, Ondarroako kanporaketan. Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea.