Iñigo Martinez futbol jokalari ondarrutarra eta
Reala kontratua berritzeko akordio batera ailegatu dira. Realak akordioa lortu du atzelariagaz, eta bere kontratua 2021 arte luzatu du. Jokin Aperribai klubeko presidenteagaz eta Loren Juarros kirol zuzendariagaz batera gaur [apirilak 26] goizean sinatu du kontratua Martinezek, Anoetako bulegoetan.
Kontratua sinatu ostean,
Realeko presidentea pozik agertu da. “Realarentzat berri handia da, izan ere, une honetako eta etorkizuneko oinarrietako batek gurekin jarraituko du eta. Reala bihotzean darama, eta gure filosofiagaz eta taldearen helburuekin bat egiten du”.

Iñigo Martinez, Anoetan. Argazkia: Real Sociedad.
Martinez ere, bere aldetik,
klubean jarraitzeko gogotsu agertu da. “Oso pozik nago urte asko hemen emateagatik, sentitzen nuen zerbait da. Hasieratik esan nuen modura, nahi nuen lekuan jarraitzen dut, eta oso harro nago beste bost urtez jarraituko dudalako. Kontratua luzatu nahi nuen, eta eguna iritsi da. Realak esfortzu handia egin du, eta nik ahal den heinean, hori zelaigunean itzultzea espero dut “.
Bestalde, kontratua berritzeko
oztopo handirik ez dela egon ere nabarmendu du eguerdiko prentsaurrekoan. “Orain dela hilabete batzuk ere nire asmoa klubean jarraitzea zela azaldu nuen. Dena baloratu behar izan dut, baina Realean jarraitzea onena zela erabaki dut, neure onerako eta denon onerako. Klubak bere aldetik eskaini didanak, gainera, itxaropenez bete nau. Azkenean, garrantzitsuena hori da, eta espero dut urte politak egitea”.

Aperribai eta Martinez, kontratua ixten. Argazkia: Real Sociedad
Lorenek bere aldetik agertu duenez, Realeko
oinarrizko jokalarietako bat da Iñigo Martinez. “Bere konpromisoa berritu du, eta hori pozik egoteko modukoa da. Profil lehiakorra du, eta aldagelari hori transmitituko diola uste dugu”.
2017era arteko kontratua zuen atzelariak, eta orain, 2021ko ekainaren 30 bitartekoa izango du hemendik aurrera. Kontratuaren nondik norakoak oraindik ez badira ezagutzen ere, beste komunikabide batzuren arabera,
40 milioi euroko etete klausula izango du, orain arte zuena baino hamar milioi handiagoa. Lorenek bere aldetik, ostera, ondarrutarrak
lehengo etete klasula berdina izango duela nabarmendu du. “Lehengoaren berdina da, baina gaurko kontratura eguneratua”.
Kontratu berritze honek, gainera, azken hilabeteotan entzun diren zurrumurru guztiak uxatu ditu. Tartean, ondarrutarra
Athletic taldeak fitxatu nahi zuela ere entzun da.
183 partida lehen taldeagaz
Ondarrutarrak 2011/2012 denboraldian debutatu zuen Realaren lehen taldean Phillippe Montanier entrenatzailearen gidaritzapean. Azken lau denboraldietan 183 partida ofizial jokatu ditu lehen taldeagaz, eta pixkanaka taldean duen
pisua handitzen joan da.
Datuak kontutan hartuta, gainera, talde txuri urdinak bere historian izan dituen atzelarien artean golegile handienetariko bat da,
13 golegaz.