Maiatzaren Lehenaren bezperatan, etzi [apirilak 28] lan osasunaren alde mobilizazioak egingo dira Ondarroan,
LAB sindikatuak antolatuta.
Prekarietateak hiltzen gaitu lelopean hainbat ekimen egingo dira,
lanean hildakoak oroitzeko. “Datuen arabera, 2015ean 55 langile hil ziren, eta aurten, dagoeneko, 17 langile hil dira Hego Euskal Herrian, horietatik 12, Bizkaian. Martxoan
bi ondarrutar hil zitzaizkigun, eta aurreko astean, Ondarroako portuan lehorreratzen duen ontzi galiziar bateko arrantzalea ere hil zen”.

Izotz fabrikan hildako bi langileen istripua salatzeko manifestazioa, Ondarroan
Hain zuzen ere, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean, aurten
Ondarroan lanean hildako langileen oroimenez giza katea egingo dute. Ekimena
11:30ean hasiko da LABek Ondarroan duen egoitzatik (Ikastola kalea) eta portuko biribilgunean amaituko da. Bertan, hildako langile bakoitzeko kandelak piztuko dituzte.
LABek nabarmendu duenez, milaka lagunek egunero beharrera joatean euren bizitzak arriskuan jartzen dituzte. Sindikatuaren ustez, errealitate horren arrazoi nagusiak prekarietatea eta prebentzio neurri eskasak dira. “Jakina da egoera horrek nori egiten dion mesede; patronalari, horrela kostuak murrizten dituelako. Etekinak bakarrik axola zaizkio, langileon bizitza arriskuan jartzeraino. Langileok zenbaki hutsak gara”.
Egoera horren aurrean, eta
arazoaren larritasuna jendarteratzeko, mobilizazioak egitea erabaki dute, “lanera joatea ez dadin bizitza arriskuan jartzea izan”.