Berriatuko musikari gazteenek lehenengo emanaldia eskainiko dute, eguenean
Nire lehenengo emanaldia izenburupean, Berriatuko Tarine udal musika eskolako ikasle gazteenek lehenengo emanaldia eskainiko dute eguenean [apirilak 28], 18:00etan, Mendibarren frontoian.
3 urtetik 10 urtera arteko ikasleak izango dira protagonista eguenean. “Musika tailerreko eta estreinako musika tresna bat ikasten ari direnek eskainiko dute emanaldia”, azaldu dute Tarineko arduradunek.
Musika tresnak jotzeaz gain, aurkezpena ere umeek egingo dutela esan dute Tarinekoek. “Eurak dira protagonista nagusiak, eurek egiten dute dena”.
Umeentzat, gainera, emanaldia “berezia” izaten dela diote Tarinekoek. “Ilusioa egiten die. Izan ere, musika tresna joko dutenek estreinako joko dute publikoaren aurrean. Gainerakoentzat, ostera, lehenengo aldia da eurak bakarrik saio baten parte hartzen dutena. Beraz, batzuentzat zein besteentzat, berezia da”.
Frontoian, gainera, umeek egindako marrazkiak jarriko dituzte, apaingarri lez.
Tarinekoek zazpigarren urtez egingo dute Nire lehenengo emanaldia saioa. “Emanaldi honekin hasi ginen umeei euren lekua emateko, eurei protagonismoa emateko. Izan ere, urte osoan egiten ditugun beste emanaldi handietan ere parte hartzen dute, baina gainerako musikariekin batera. Horietan, baina, protagonistak ez dira eurak bakarrik izaten”.
Herritar guztientzako. Tarineko arduradunek herritar guztiei Mendibarren frontoira gerturatzeko eta herriko musikari gazteenen saioagaz gozatzeko gonbitea egin nahi izan diete. Iraupenari dagokionez, emanaldiak 30 minutu inguru iraungo dituela jakitera eman dute.