Herri askotako irakurzaleak batuko dira
maiatzaren 7an, Lekeition ospatuko den Euskadiko Solasaldi Dialogikoen V. Topaketan. Gero eta herri gehiagotan sortzen ari dira irakurzaleen taldeak, elkarregaz era guztietako liburuetaz solasaldian jarduteko. Lekeitioko topaketan, talde guztiek batera, esperientziak partekatzeko aukera izango dute.
Aurtengo topaketa antolatzeaz arduratu den Lekeitioko taldeak jakitera eman duenez, harrera Ikusgarri zineman izango da, Miren Agur Meabe idazlearen eskutik. Ondoren,
Zarautz,
Gasteiz,
Galdakao,
Lekeitio eta
Markina-Xemeingo irakurle taldeen irakurketa solasaldien esperientziaz berba egingo dute. Gasteizeko literatur solasaldiko komisioak; Galdarra, Galdakao eta Arratiako HHI-ko ikasle, ikasle ohi eta jarratzaileen elkarteak, HHI Urola Kostako taldeak, Zaballa espetxeko literatur solasaldi taldeak, Lekeitio eskolako ikasle eta nagusien literatur taldeak eta Markina-Xemeingo bibliotekako Irakurleen Txokoak hartuko dute parte, hain zuzen.
IV. Topaketak: Argazkia: Encuentrotldeuskadi.blogspot
Hamaiketakoaren ondoren, taldeka banatu eta ordu bete inguruko saioan
solasaldia izango dute parte hartzaileek. Cervantes 400 urte hil zela dela eta, solasaldirako berak idatzitako testu bat aukeratu dute. Testua aldez aurretik eskuratu daiteke, euskeraz zein gaztelaniaz,
5encuentrotldeuskadi.blogspot.com.es blogean. Hala ere, topaketen hasieran karpeta bat banatuko dutela azaldu dute Lekeitioko taldekoek, informazio guztiarekin.
Nerea Ibarzabal eta
Xabat Galletebeitia bertsolariek emango diote amaiera ekitaldiari.
Parte hartzea zabalik
Jadanik, herri ezberdinetako 130 irakurzalek eman dute izena ekitaldirako, baina, oraindik, parte hartzeko aukera zabalik dago. Beraz, ekitaldira joan nahi duenak Lekeitioko
kultur etxean edo
liburu dendan eman dezake izena edo bestelde, Internet bidez,
5encuentrotldeuskadi.blogspot.com.es blogean.
Nahi duten guztientzako bazkaria ere antolatu du Lekeitioko taldeak topaketaren egunean, eta bisita gidatu bat ere prest dutela aurreratu dute.
EGITARAUA
9:30-10:00 Agiri banaketa.
10:00-10:30 Ekitaldiaren hasiera.
10:30-11:30 Solasaldi desberdinen partehartzea.
11:30-12:00 Atsedenaldia.
12:00-13:30 Solasaldia.
13:30-14:00 Amaiera.