Zesta-puntari buruzko
Jai Alai Blues dokumentala ikusteko aukera egongo da asteburuan, Markina-Xemeinen. Bi aukera egongo dira, Gorka Bilbaok zuzendu eta Berde produkzioak ekoiztutako, filma ikusi ahal izateko. Lehenengo emanaldia,
barikuan [apirilak 29] izango da,
19:00etan. Bigarrena, berriz,
domekan [maiatzak 1],
18:00etan. Emanaldi biak
Esperantza eraikinaren aretoan izango dira. Sarrerak frontoian edo Kareaga dendan lortu daitezke, 2 eurotan.
Markina-Xemeingo kultur, kirol eta ingurumen ondare osoa balioan jarri eta ezagutzera emateko sortu den Turismo Mahaitik jaio den
Zesta Puntaren Lagunak lantaldeak antolatu du emanaldia. Markina-Xemein ezagutzera emateko alor ezberdinak ikutzen hasi zen Turismo Mahaia, euretako bat frontoia, eta Markina-Xemeingo Pilotaren Unibertsitatea bezala ezagutzen denak, jorraketa berezi edo propio bat behar zuela erabaki zuten. Hori dela eta, lantalde bat osatu eta ideia ezberdinak lantzen eta ekitaldiak antolatzen hasi dira.
Elkarrizketak pilotariei
“Zesta-punta eta frontoia markina-xemeindarren
ondare dira, markina-xemeindarrentzat zeresan handia duen ogibide bat, kirol bat eta askoz gehiago da”, diote. Horrela, ondare bat izanik, jaso egin behar dela ikusi dute, eta jasotze lan horretan pilotari izandakoei elkarrizketak egiten dabiltza, “euren esperientzia eta bizipenak jasotzeko”.
Antonio Mendizabal pilotari ohia eta Miguel Angel Bilbao elkarrizketan, Pilotaren Unibertsitatean. Argazkia: Josu Arrate/Txorixe Bideoak
Hamar pilotari elkarrizketatu dituzte jada. Euren artean daude, besteak beste, Juan Mari Bengoa
Chino, Tomas Goiogana, Jabier Mentxaka, Antonio Mendizabal, Eujenio Barrenetxea, Javier Larrea, Jose Mari Zelaia eta Pedro Mari Barinagarrementeria.
“Zesta-punta zer izan den jaso nahi da, ezagutzera emateko. Herrira bisitan datozenak ere frontoiaren historiaz eta garrantziaz jabetu ahal izateko”, nabarmendu dute.
Bide batez
dokumentazioa ere jasotzen hasi dira, argazkiak, aldizkariak eta kartelak, besteak beste. Horrez gain, ekitaldi ezberdinak antolatzen ari dira frontoiaren eta zesta-puntaren inguruan. Arbe eta Zabalaren agurra antolatu zuten esate baterako, bai eta mahai inguru bat ere. Orain, Jai Alai Blues dokumentalaren emanaldia eskainiko dute.
Pilotari gazteen topaketak
Emanaldiagaz gainera,
Markina-Xemein eta
Mutrikuko Zesta-Punta eskoletako pilotarien arteko topaketak egongo dira zapatuan [apirilak 30], Pilotaren Unibertsitatean. 10:00etan hasita, kinielak eta partidak jokatuko dituzte eskola bietako pilotariek. Hasiberrietatik hasi eta goragoko mailetan dauden jokalarien erakustaldia ikusteko aukera egongo da.
KINIELAK (15 tantora)
- Orkatz-Unax/Julen-Peru/Jokin-Erika/Lejardi-Kirmen/Aiert-Eritz/Unai-Oinatz/Aimar-Ekhi
- Osoitz-Alex/Asier-Gaizka/Unax Z.-Manex J./Markel-Amets/Jane-Eneritz
- Txomin-Alain/Arakis-Luken/Unax-Atain II/Manex-Manex A.