Katastroaren berrikuspena eta ondasun higiezinen gaineko zergaren proiektua aldatzea eskatuko du Bizkaiko EH Bilduk
Herriz herri eta udalez udal, katastroaren berrikuspena eta ondasun higiezinen gaineko zergaren foru arauaren proiektuari buruzko mozioak aurkeztuko ditu Bizkaiko EH Bilduk hilabete honetan. 40 urte dira Bizkaian katastroa eguneratzen ez dela, eta ondorioz, herritarrek Ondasun Higiezinen gaineko zergaren bidez eta beste zerga batzuen bidez ordaintzen dutena egokitu barik egon da gaur eguneko egoerara. “Badakigu jakin katastroa eguneratu beharra dagoela, herritarren arteko desorekak amaitu eta egokitzeko, baina kontziente gara ere honek lanketa bat beharrezkoa duela eta Bizkaiko Foru Aldundiak horretarako erabili duen prozedura ez dela egokia deritzogu”, azaldu dute.
EH Bilduren ustez, 40 urtean egin ez dena, orain, urtebetean egin nahi da. “Prisa guztiagaz, epe nahikoa ez dagoelarik eta udalei tarterik eman barik gauzak behar bezala egiteko”.
Katastroa egokitzeagaz batera, Bizkaiko Batzar Nagusia Ondasun Higiezinen gaineko zergaren Foru Arauaren proiektua ere lantzen ari da. Foru Arau hau ere egokitu behar dela dio EH Bilduk, katastroaren berrikuspenagaz batera.
“Momentu egokia da, Foru Arau horrek, orain arte kontuan hartu ez dituen hobari eta errekargu batzuk ezartzeko aukera ematea udalei, hobari eta errekargu hauen bidez udal politika fiskal bidezko eta justuago baten aldeko aurrerapausoak emango dira eta. Momentua da, herritarrek dituzten etxe hutsak beste herritarren eskuetara ipintzeko politikak bultzatzeko, etxebizitza eskubidea delako eta ez pribilegio bat. Momentua da bai eta ere, gaur egungo krisi ekonomikoaren ondorioz, herritarren diru sarreren ahalmena kontuan hartzeko, Ondasun higiezinen gaineko zerga ordaintzean ere”.
Hori dela eta, EH Bilduk, mozioa jorratu eta Bizkaiko Batzar Nagusiei eta Bizkaiko Foru Aldundiari katastroaren berrikuspenean eta ondasun higiezinen gaineko zergaren foru arauaren proiektuan aldaketak egiteko eskatzea proposatzen die udalbatzei.
Hauek dira, besteak beste, aldatzeko eskatzea proposatzen dizkieten gaietako batzuk: Udalek, ohiko etxebizitzak ez diren higiezinei %150erainoko gainkarga ezarri ahal izatea; baliabide ekonomikoen ezaren bat-bateko egoeran aurkitzen diren jabeek Ondasun Higiezinen gaineko zerga-kuota osoaren %95erainoko hobaria eskatu ahal izatea, eta bizikidetza-unitatearen kide kopuruaren eta errenta-mailaren arabera, Ondasun Higiezinen gaineko zergari buruzko Foru Arauaren proiektuan hobari progresibo bat ezartzea.