Zapatuan [maiatzak 7] Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxean XV. Plazatik Gaztetxera bertsolari txapelketaren finalerdia ospatu eta gero, txapelketako
finalistak erabakita geratu dira: Eli Pagola eta Iñigo Zubiaurre Beixi, Aitor Salegi eta Antton Aranburu, Maider Arregi eta Gema Urteaga, eta Maddi Sarasua eta Manex Astigarraga.
Akerbeltz gaztetxea bete-bete egin zela esan dute antolatzaileek. Eta saioa egin aurretik, afaltzen 50 lagun elkartu zirela gaineratu dute.
Saioa bertsolarien «agur biziekin» hasi zela eta publikoa bero zegoela azpimarratu dute antolatzaileek.
Markina-Xemeingo saioa. Argazkia: Plazatik Gaztetxera.
Bikote onena aukeratzerakoan, publikoak eta aditu taldeak bat egin eta Pagola eta Beixik osatutako bikotea aukeratu zuten. Ondorioz, aditu taldeak bigarren bikote sailkatua aukeratu zuen finalerako: Salegi eta Aranburu. Horiekin batera, Debako finalaurrekoan aukeratutako bi bikoteak ariko dira hilaren 21ean Mutrikun jokatuko den finalean (Arregi-Urteaga/Sarasua-Astigarraga).
Imanol Lekunberri mutrikuarrak eta Asier Galarza muxikarrak ez zuten finalerako txartela eskuratu.
Finalistak. Argazkia: Plazatik Gaztetxera
Bizkaiko Txapelketa. Beste alde batetik, zapatuan, Gueñesen, Eneko Arrate markina-xemeindarrak Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Udaberriko fasean bigarren postua lortu zuen (166,5 puntu). Saioa Josu Landetak irabazi zuen (168 puntu). Galarzak, osstera, domekan Orozkon jokatutako Udaberriko fasean parte hartu zuen eta harek ere bigarren postua lortu zuen, 161 puntugaz; saio hori Garikoitz Sarriugartek irabazi zuen, 182 puntugaz.
Eneko Arrate, Gueñeseko kanporaketan. Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea.