Ia 200 lagun batu dira Lekeitioko eskola publikoak antolatutako
Euskadiko Solasaldi Dialogikoen V. Topaketan. Joan den zapatuan [maiatzak 7] egin zuten ekitaldia, Ikusgarri aretoan eta eskolan bertan, Euskal Herriko udalerri ezberdinetatik etorritako irakurzaleek.
Mertxe Arrizubieta Lekeitioko Udaleko zinegotziak eman zien ongi etorria parte hartzaileei, eta
Miren Agur Meabe idazle ezagunaren euskal literaturari lotutako harrera literarioa izan zuten ondoren. Udalerri ezberdinetako esperientziak ezagutzeko aukera eduki zuten jarraian. Euren solasaldiak zelakoak izaten diren azaldu zuten
Galdakao,
Bermeo,
Urola Kosta,
Gasteiz,
Markina-Xemein eta
Lekeitioko ordezkariek Ikusgarri aretoan.
Euskadiko Solasaldi Dialogikoen V. Topaketako parte hartzaileak Ikusgarri aretoan. Argazkia: Lekeitioko Tertulia Taldea
Eskolan bertan hamaiketakoa eginda, 20 laguneko taldeetan banatu ziren solasean jarduteko. Cervantes 400 urte hil zela dela eta, solasaldirako berak idatzitako testu bat aukeratu zuten guztien artean aztertzeko.
Xabat Galletebeitia eta Nerea Ibarzabal bertsolarien agurragaz amaitu zen ekitaldia, eskolako frontoian.
Bazkaria eta bisitak
Solasaldi literarioetara batu ziren asko bazkaltzera ere geratu ziren Lekeition. Jubilatuen etxean elkartu ziren nahi zuten guztiak, bazkaltzeko.
130 lagunek jatordu atseginagaz gozatu zuten, giro onean, eta bazkalostean bisita gidatu bi izan zituzten.
Urteak dira, irakurzale taldea Lekeitioko eskolan batzen dela irakurketagaz gozatu eta guztien artean irakurritakoaz hitz egiteko. Solasaldiak
herritar guztiei zabalik daude eta nahi duen edonork parte hartu dezakeela gogora ekarri dute Lekeitioko Tertulia Taldeko kideek.