Markina-Xemeingo Leartiker, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide berria da
Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoa Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) kide bihurtu da, Euskadiko I+G+B-ko zentro garrantzitsuenak biltzen dituen sareko kide, hain zuzen ere. Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (CIC), Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerketa Zentroak, enpresetako eta unibertsitateetako I+G unitateak, Zentro Teknologikoak eta Osasuneko Ikerketa Institutuak daude bere baitan, besteak beste.
Atzo [maiatzak 9] egin zuten Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sare berriaren aurkezpena jende aurrean. Agenteei eta sistema guztiari zuzendutako inbertsio eta baliabideen efizientzia handitzeko, eta enpresa ehunari transferentzia handiago bat bermatzeko transformatu da ZTBES. Berregituraketa horren ostean, Sare berriak 120 agente biltzen ditu eta euren artean aurkitzen da Leartiker Zentro Teknologikoa.
Izendapena bere 20. urteurrenaren ospakizunarekin batera heldu zaio Leartikerri. Jatorrian, Lea Artibai Ikastetxeko hezkuntza planaren euskarri bat bezala jaio bazen ere, azken bi hamarkada hauetan zehar, erabat gaitutako ikertzaile-talde propioa duen eta bezeroari zerbitzu integrala eskaintzen dion errenferentziazko Zentro Teknologikoan bihurtu da Polimeroen eta Elikagaien Teknologian.
Amaia Egia Leartiker Koop. Elk-eko zuzendaria atzoko aurkezpenean egon zen eta Euskadiko I+G+B agente garrantzitsuenekin batera Sare honetako kide izatearen garrantzia azpimarratu zuen. Bere hitzetan Leartikerren azkenengo urteetako bilakaera ikaragarria izan da. “Inguruaren garapenean laguntzeko Lea Artibai Ikastetxeko zereginetik abiatutako zerbitzu bat izatetik, Leartiker, beharrizanetara egokitzen joan da enpresen hurbileko Zentro Teknologiko bat izatera bihurtu da. Bere helburua, garatutako ezagutzak etengabe transferitzea da, enpresak berritu eta dibertsifikatzeko aukera izan dezaten.”