1936ko urriaren 21ean Akarregi-Egixarren UGT1 (Mateos), Euzko Indarra (ANV2), Boga-Boga eta Saseta ametrailadore taldeak, besteak beste, burututako
ofentsiba jasotzen duen panela jarriko du datorren domekan, Egixarren,
Ahaztuen Oroimena elkarteak. Jakitera eman dutenez, panel horretan, borrokaldi horren inguruan bildu duten informazioa agertuko da.
Akarregi. Argazkia: Ahaztuen Oroimena elkartea
Panela jartzeagaz gainera, aukera aprobetxatuko du elkarteak ibilaldi gidatu bat egiteko. Horrela, Intxaurbietatik Akarregira, eta handik, Egixarrera joateko aukera egongo da, bide batez, inguru horietan gertatutakoa ezagutzeko.
Irudi berria
Hiru hitzordutan banatu du domeka [maiatzak 15] goiza Ahaztuen Oroimena elkarteak.
10:00etan panela jartzeko lekua zulatu eta prestatuko dute eta
11:00etan egingo da ibilaldi gidatua Intxaurbitxenetik, Akarregi barrenetik, Egixarreraino bidez bide.
12:00etan Akarregi-Egixarreko borrokaldiaren inguruko informazio panela inauguratuko dute, eta elkartearen irudi berria ere aurkeztuko dutela jakitera eman du Ahaztuen Oroimenak.
Gertaera
“UGT1 (Mateos), Euzko-Indarra (EAE-ANV), Saseta (ametrailadoreak) eta Boga-Bogako gudari eta milizianoek Nafar Brigaden aurka burututako borrokaldiak gerra lerroaren posizioak berreskuratu eta finkatzea lortu zuten. Borrokaldia gogora izan zen, hildako ugari utzi zituen, inguruko herritarrek ondo gogoan duten moduan haietako gudari batzuen gorpua jaso ezinik geratu ziren Egixarre inguruan. Horrez gain, Bizkaiko milizia sozialisten buru eta Bilboko zinegotzi sozialista zen Fulgencio Mateos, borrokaldi honetan zauritu eta handik egun batzuetara hil zen”, azaldu dute Ahaztuen Oroimena elkartekoek.