Markina-Xemeingo Udalak Goiko Portaleko iturria berreskuratzeko duen proiektua azaldu zuen Juanjo Txurruka alkateak, joan den barikuan, Uhagon kulturgunean eskaini zuen hitzaldian. Udala, herritarrekin eta herriko eragileekin batzen ari da proiektuak herritarren artean sortu dituen kezkak eta zalantzak aurrez aurre argitzeko.
Aldeko eta kontrako iritziak batu ziren hitzaldian. Erabakiaren azken hitza zeinek zeukan galdetu zuten esate baterako, eta herritarren artean galdeketa bat egiteko proposamena ere egon zen. Behin egitasmoa ezagututa, proiektuari onespena eman ziotenak ere asko izan ziren.
Balio handiko iturria
Goiko Portaleko iturriak duen garrantzi handia azpimarratu zuen hitzaldian alkateak, bere garaian
aitzindaria izan bait zen. Eta beraz, iturria balioan jarri behar dela esan zuen. Horretarako, baina, Pragako Ume Jesusen irudia kendu beharra dagoela argitu zuen, «iturria ezin bait da berreskuratu irudia erretiratu barik».
Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkatea Goiko Portaleko iturriari buruz azalpenak ematen Uhagon kulturgunean.
Alkateak gogora ekarri zuenez, iturria
1788 urtean eraiki zuten eta, iturriak goiko partean zuen perinola kenduta, Pragako Ume Jesusen irudia
1923an ezarri zioten gainean. «Momentu honetan, batak besteagaz zerikusirik ez duten eta zentsu ezberdina daukaten bi elementu daude batera. Obra zibil eta publikoa da bata eta erligiosoa bestea».
Elementu biak «errespetu osoagaz» espazio publiko ezberdinetan kokatzea dela asmoa azaldu zuen Juanjo Txurrukak. «Iturriari berriro ere perinola jarriko zaio eta Pragako Ume Jesusaren irudia Zapolako kareharrizko bi metrotako idulki baten gainean jarriko da».
Iturria leheneratzeko asmoa aspaldiko proiektua dela jakitera eman zuten Uhagoneko hitzaldian, aurreko agintaldietatik datorrena, baina, orain arte ez dela gauzatu.
Udalari, gaur egunekoa, une aproposa dela behitantzen zaio leheneratzea egiteko, «gizarte anitz batean bizi garelako». Hori dela eta,
aurten burutzeko asmoa dutela aitatu zuen alkateak.
Adierazi dutenez, udalaren asmoa ez da inoren kontra joatea. «Gure nahia Markina-Xemeingo ondarea eta historia guztiz berreskuratzea da». Eta bide horretan,
beste proiektu batzuk ere lantzen dabiltzala aurreratu zuen alkateak.