Berriatuko San Gregorio zesta-punta txapelketaren finalak zapatuan jokatuko dituzte

Zehatz esateko, San Gregorio Sariak Felix Aldazabal VII. Memoriala zesta-punta txapelketaren finalak izango dira. 18:00etatik aurrera lehiatuko dute lehen finala Berriatuko Mendibarren frontoian. Hiru kategoria. Elite, 22-30 urte bitarteko eta gazteen mailetako finalak jokatuko dira. Eta aurten, 25 bikotek parte hartu dutela azaldu du Roberto Lekue Berriatuako Zesta-punta eskolako kideak. Gazteen mailan bost talde egon dira, eta kanporaketa ligaxka lehiatu ostean, sailkapeneko lehenengo bi bikoteak sailkatu dira finalera. Hain zuzen ere, Berriatuako zesta-punta eskolako Unax Vidal berriatuarra eta Jon Ruiz mutrikuarra, Mutrikuko Danok Bat taldeko Mancisidor anaia mutrikuarren kontra ariko dira nor baino nor gehiago. Bestalde, 22 eta 30 urte bitartekoetan, lau bikoteko bi taldek jokatu dituzte kanporaketak. Kategoria honetan, Ibarluzea markiñarra eta Urrejola durangarrak osaturiko bikoteak, Urri markinarraren eta Txomin etxebarritarraren aurka jokatuko du finala.
29. Desanexio Txapelketan Mendibarren frontoia bete-bete egin zen.

29. Desanexio Txapelketan Mendibarren frontoia bete-bete egin zen.

Sariketa. Maila desberdinetako finalak amaitu, eta segituan egingo dute sari banaketa ekitaldia. Urtero legez, sariak banatzeagaz batera, 250 euroko balioa duen otzara zozkatuko dute. Gainera, Xistera txapelketaren lehen proba izango da zapatukoa. Berrikuntza moduan, bertaratzerik ez dutenek Internet bidez jarraitu ahalko dituzte finalak. Hain zuzen ere, bihar bertan estreinatuko duten web orrialdetik zuzenean emango dituzte hiru partidak.