Udaleku Ibiltarian izena emateko epea zabaldu du Karkabiak
Uztailaren 12tik 21era egingo da aurten Karkabia kultur elkarteak antolatzen duen Udaleku Ibiltaria, eta maiatzaren 31ra arte, herritarrek izena emateko aukera daukate. Horretarako, Iturriotzen, R.M. Azkue Ikastolan edo kultur etxean eman beharko dute ...
Erronkaritik abiatuko da aurten Udaleku Ibiltaria. «Erronkari herritik Orreagarako ibilbidea egingo dugu. Tartean, besteak beste, Izaba, Uztarrotzei eta Otxagabiatik igaroko gara». Elkarteko kideek Iratiko Oihanean egingo dituzten txangoak azpimarratu nahi izan dituzte. «Bi egunetan bertako aterpetxean lo egingo dugu, eta naturagaz harreman zuzena edukiko dugu». Orbaitzetara heldu eta gero, handik Orreagara egingo dute ibiltariek, eta han amaituko dute ibilbidea.
Gazte eta nerabeen arteko harremanak sendotu, sormena askatu, naturarekiko eta taldekideekiko errespetuan oinarritutako taldean bizi eta norbere nahietatik hasita, guztien artean ekimen bat eraikitzea da udalekuaren helburua.