Proiektu berezia dakar eskuartean
The Owl Project musika talde markina-xemeindarrak. 2012an jaiotako taldeak
Hostoka, bere laugarren EP-a formatu oso berezian kaleratzea erabaki du: kamiseta formatuan.
Iker Larrinaga (ahotsa eta gitarra), Aitor del Escobal (gitarra, ahotsa eta teklatuak), Iñigo Martinez (sintetizadoreak, sekuentziadoreak eta teklatuak), Miguel Garcia (gitarra eta baxua) eta Yeray del Arco-k (bateria) azken diskoa kamiseta interaktibo modura kaleratu berri dute. “Egun, musika entzuterako sasoian, ohiko formatu fisikoa gero eta gutxiago erabiltzen da. Jendeak, gehienbat, formatu digitalean edo plataforma berezien bidez entzuten du musika. Hori guztia kontutan edukita, zerbait desberdina egitea erabaki dugu”.
The Owl Project taldeko kideetako bat kamiseta interaktiboa soinean. Argazkia: The Owl Project
Iaztik,
Dressed in music kamiseta interaktiboen markarekin elkarlanean ari dira, eta diskoa formatu berezian kaleratzeko orduan haiekin ipini dira harremanetan.
Kamiseta taldearen kontzertuetan eskuratzen dutenek azken EP-an jaso dituzten
Fair & Square,
Parlocento eta
Explode kantuak entzuteaz gain, aurreko lanetan jasotako kantuak ere entzun ahalko dituzte. Elastiko interaktiboaren funtzionamendua, gainera, erraz askoa dela nabarmendu dute. Kamisetan azaltzen den QR kodea sakeleko telefonoagaz eskaneatu, eta musika zuzenean entzun eta deskargatzeko aukera ematen duen webgunera bideratuko du zalea.
Taldeko kideek azpimarratu dutenez, gainera,
kamiseta ez dutenek ere entzun ahal izango dute euren musika. “Gure musikagaz gozatu ahal izateko, ez dago zertan kamiseta erosi. Kamiseta duen edozeinengana hurreratu, eta QR kodea eskaneatu besterik ez dute izango. Gure asmoa ez da kamiseta asko saltzea, musika ahalik eta gehien zabaltzea baino”.
The Owl Project taldeko kideak. Argazkia: The Owl Project
Euren azken lanari dagokionez,
El Tigre estudioetan grabatu eta ekoiztutako
Hostoka lanagaz
amaitutzat eman du bere lehen proiektua taldeak. Zehatz esateko, hiruna abesti jaso dituen lau EP kaleratu ditu (
Maluta,
Igali,
Jai eta
Hostoka), eta horiek urtaroekin alderatu dituzte. “Disko bakoitzak urtaro bat ordezkatzen du. Guztira, hamabi kantu jaso ditugu; urteko hilabeteak beste”. Lanen izenei dagokienez, horiek ere urtaro bakoitza ordezkatzeko bereziki aukeratu dituztela diote. “Gure musika ingelesez egiten dugunez, diskoen izenak euskaraz izan behar zutela iruditu zaigu. Nahiz ingelesez abestu, euskaldunak izanda euskal nortasun hori adierazi nahi izan dugu”.
Boskotea azken lanagaz gustura geratu da, eta aurreko grabaketekin ikasitakoari esker, lan landuago bat egin dutela azaldu dute. “Aurreko lanei esker, teknologikoki eta musikalki asko ikasteko aukera izan dugu, eta horrek, laugarren lana egiterako orduan asko lagundu digu”. Aurreko lanekin alderatuta landuagoa bada ere,
soinu berdintsuagaz datozela aitortu du The Owl Project taldeak. Aurrekoetan modura ukitu alternatiboa duen rock indie musika dakarte, elektronika, gitarra elektrikoa eta gitarra akustikoaren arteko nahasteagaz.
Duela urtebete hasi ziren lehen kontzertuak eskaintzen eta datozen hilabeteak
oholtzarik oholtza ibiltzeko asmoa dute. Diskoaren aurkezpena maiatzaren 7an egin zuten Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. “Gure kontzertu sorta hasteko Markina-Xemein toki egokia iruditzen zaigu”, azaldu dute.
The Owl Project taldea. Argazkia: The Owl Project
Beraien hitzetan, kontzertu guztiek dute zerbait berezia, eta horretaz gozatu nahi dute: “dena ematera irtengo dugu oholtza gainera”. Gainera, urtebetean zuzenekoan nahikoa hobetu dutela uste dute, eta hori erakutsi nahi dute. “Jendeak gure musikagaz gozatzea nahi dugu. Musika ez da norberarentzako egiten; musika konpartitzeko, ondo pasatzeko eta jendeagaz abestu eta dantzan egiteko egiten dugu”.
Aurrera begira, taldeak badu egutegian gorriz markatutako
kontzertu berezi bat: Logroño-ko (Errioxa)
Actual jaialdiko banden lehiaketa irabazi du aurten, eta, sari legez, 2017an jaialdiko irekiera kontzertu erraldoian jotzeko aukera izango du, milaka pertsonen aurrean. “Oraindik denbora asko falta bada ere, zuzeneko emanaldi hori gogotik prestatzen ari gara”.
Actual jaialdiko saria lortu ostean, gainera,
oihartzun handia lortu du taldeak, eta pixkanaka ezagunak egiten ari dira musika elektronikoaren inguruan. “Guretzat bultzada garrantzitsua izan da saria”.
Beste hainbat sari ere lortu ditu talde bizkaitarrak azken hilabeteetan.
Egazteako maketa lehiaketan, esaterako, 24 banda finalisten artean izan da.