Markina-Xemeingo Hemen be bai merkatari elkarteak era oso berezian ospatu du gaur [maiatzak 14] 10. urteurrena. Kalera atera eta euren produktuak erakusteaz gain, elkarteko 23 saltokik
zelan beharra egiten duten ere erakutsi dute frontoi txikiko aterpean.
Elkarteko dendariak esperientzia berriagaz
gustura geratu dira, eta bertaratu diren herritarrak ere pozik ikusi dituztela nabarmendu dute. “Prestaketa lanek asko iraun dute, baina oso gustura geratu gara. Gaurko ekimena, gehienbat, gure eskaintza kaleratzeko aukera izan da. Jende asko ibili da denden eskaintza ikusten eta probatzen, batez ere, eguerdiko orduetan”.
Merkatarien erakusmahaiak, frontoiko aterpean
10:00etatik 17:00etara erakusmahaiak zabalik egon dira, baina horrez gain,
beste hainbat ekimen ere egin dituzte urteurrena ospatze aldera. Goizean, esaterako, Kalapitxiren kontzertua egon da, eta eguerdian, ostera, apirilean egindako argazki lehiaketako sariduna jakitera eman dute.
Lehiaketara aurkeztu diren 32 lanen artean, Izarra Goioganak Markina-Xemeingo taberna batean ateratako
Welcome to paradise titulua daraman argazkia aukeratu dute. Goiogana ezustean harrapatu du izendapenak, eta pozik jaso du elkarteko dendetan gastatzeko 200 euroko txartela.
Argazki lehiaketan parte hartu duten lanak, erakusgai
Elkarteko batzordeko kideek adierazi dutenez,
espero baino argazki gehiago jaso dituzte, eta horien artean irabazlea aukeratzeko orduan duda gutxi izan dituzte. “Lehiaketara aurkeztu diren argazkiak maila onekoak izan dira, eta parte hartzea ere polita izan da. Saria ematerako orduan, baina, biren artean dudan egon gara, eta bigarren bozketaren ostean argitu da irabazlea”.
Arratsaldean, aldiz, umeentzako sukaldaritza tailerra egon da Itsas Lur jatetxearen eskutik. Ume askorek parte hartu dute sukaldaritza tailerrean, eta denek ere gauza berriak esperimentatzeko aukera izan dute. Plater gozo eta errazak egin dituzte: arrozezko opilak eta empanadilla gaziak zein gozoak.
Umeentzako sukaldaritza tailerra
Haurrek interes handia ipini dute, eta gustura ibili dira errezeta berriak probatzen. Opilak eta empanadillak labean gorritu ostean, horiek jateko aukera ere izan dute.
Merkatarien jaialdia Itzalak taldearen kontzertuagaz amaitu da, 20:00ak aldean.