Giro ezinhobean 35. Bizkaiko Dantzari eguna ospatu zuten atzo [maiatzak 15], Lekeition. Lehen orduetatik bete ziren kaleak dantza, musika eta kolorez eta iluntzerarte luzatu zen jaia.
74 taldek hartu zuten parte Bizkaiko dantzarien jaian,
3.500 dantzari inguruk, eta eurekin bat egin zuten, ikuskizunagaz gozatzeko asmoz, hainbat ikuslek ere; guraso, senide, lagun eta dantzazaleek. Guztiek batera jarri zioten dantza giroa Lekeitiori.
Dantzariak Kaixarranka dantzatzen plazan. Argazkia: Iraitz Arantzamendi
Hasierako urduritasunak albo batera utzita, emozioa, ilusioa eta dantzarako gogoa izan ziren
Bizkaiko Dantzari Egunean nagusi. Egun berezia izan zen dantzari guztientzat, txikientzat batez ere, denbora luzez ikasitako pausuak plazaratu zituzten-eta zoragarri.
Atea kaletik irten ziren kalejiragaz hasi zen goizeko ekitaldia. Talde bakoitza izendatutako lekuan kokatu zen hasteko eta Lekeitioko kaleak zeharkatu zituzten kalejira alaian Independentzia plazarako bidean. Hantxe batu ziren ikusle gehienak; plaza ingurua bete-bete egin zen ekitaldi nagusirako.
Dantzariak dantzatzen plazan. Argazkia: Lekeitioko Udala
Udaletxearen aurrean, eliza ondoan, eta portura begira dantzatu zuten taldeek. Mutilen txilin hotsekin hasi zen dantzaldia eta nesken txanda ailegatu zen ondoren.
Agintariarena,
Zortzinangoa,
Ezpata dantzak,
banangoa,
Makil Txiki,
Zinta dantza… era guztietako dantzak eskaini zituzten dantzari txiki eta nagusiek eta azkenerako utzi zuten Lekeition horren esanguratsua den
Kaixarranka.
Dantzarien ekitaldiagaz baina, ez zen amaitu dantzari eguneko jaia. Eguna borobiltzeko puzgarriak eta erromeria izan zituzten arratsaldean, plazan, eta dantzariez gain, herritarrak eta egunagaz gozatzera joandako guztiak oinak airean jartzeko aukeraz baliatu ziren.
Jendea dantzan, arratsaldeko erromerian. Argazkia: Bizkaiko Dantzarien Biltzarra