Bi egunetara mugatu dituzten arren, beti bezalako indartsu datoz Iparraldeko Haizeak Lekeitiora. Bariku iluntzean [maiatzak 20] hasiko da, Aittitta Txiki kultur elkarteak Iparra eta Hegoaren arteko harremana sendotzeko, orain dela hamasei urte hasitako ospakizuna. Urtero modura, iparraldeko eta hegoaldeko talde eta herritarrak izango dira euskal kultura bultzatu eta zabaltzearen arduradunak.

Jendea Independentzia plazan egoten den azoka bereziko postuetako bat ikusten.
20:15ean hasiko da barikuko bertso saioa Ikusgarri zineman. Amets Arzallus, Sustrai Colina, Odei Barroso, Fredi Paia, Maialen Lujanbio eta Andoni EgaƱak jardungo dute bertsotan, gai jartzaile lana, bestalde, Xabat Galletebeitiak beteko du eta Lekeitioko bertsolariari laguntzen ibiliko dira Aissa Intxausti eta Aitor Ruiz herriko bertsolari gazteak.
Bertso saiorako sarrerak
Aralde liburu dendan eros daitezke, 6 eurotan. Hala ere, saioaren egunean bertan sarrerak eskuratzeko aukera egongo da Ikusgarri aretoko leihatilan, 19:30etik aurrera. Aittitta Txiki kultur elkartekoek jakitera eman dutenez, sarrerekin lortzen den dirua Donahue sindromea duen ume bati laguntzera bideratuko dute. “Lekeition familia duen Maialenek laguntasuna behar du eta ekintza gehiago egongo dira berari laguntzeko”, azaldu dute.
Azoka berezia plazan
Orain arte domeketan egin izan den taberna eta kuadrillen arteko
Gisatu Txapelketa zapatuan izango da aurten. 10:00etatik aurrera hasiko dira sukaldariak janaria prestatzen tabernen inguruetan eta Eskolapean. 13:30era arte edukiko dute prestaketetan jarduteko astia, ordu horretan eraman beharko dituzte-eta gisatuak epaileen aurrera. Sari banaketa, baina, bazkalostean izango da, 18:00etan.

Gisatu txapelketako epaimahaia gisatuak probatzen.
Eskolapeagaz gain, plazara eta herri osora zabalduko da jaia. Urtero modura, iparraldeko eta hegoaldeko produktuak erosteko aukera egongo da Independentzia plazan jarriko duten
azoka berezian. 11:00etatik 15:00etara egongo da zabalik azoka, eta aurten,
30 bat postu egongo direla aurreratu dute Aittitta txikikoek, 13 iparraldetik etorritako ekoizleenak.
Egun osoan egongo da jai giroa. Iparraldeko Polekeleke elektrotxaranga eta Aulestiko K-Tum-K batukada kalerik kale ibiliko dira aurten, eta urtero modura, Baigorriko Gaiteroak, Aittitta Makurra Txarangak, Lekeitioko Joaldunak, eta Itxaropena txistulari taldeak alaituko dituzte kaleak.
Baigorriko Arrola eta Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeen emanaldirik ere ez da faltako, aurten, baina, Eskolapean eskainiko dute dantzaldia herrian zehar kalejiran ibili eta gero.
EGITARAUA
Maiatzak 20, barikua
- 20:15ean. Bertso saioa Ikusgarri zineman.
Maiatzak 21, zapatua
- 10:00etatik aurrera taberna eta kuadrillen Gisatu Txapelketa Eskolapean eta tabernen inguruan.
- 11:00etatik-15:00etara. Azoka berezia plazan.
- 11:30ean. Baigorriko Gaiteroak kalerik kale.
- 12:00etan. Produktu dastaketa azokan. Txistu-kantu kalejira Itxaropena txistulari taldearen eskutik.
- 13:00etan. Lekittoko Joaldunak eta Aittitta Makurra Txaranga kalerik kale.
- 13:30ean. Gisatuen aurkezpena eta epaileen dastaketa Eskolapean.
- 15:00etan. Bazkaria Eskolapean eta taberna inguruetan.
- 18:00etan. Sari banaketa.
- 18:30ean. Arrola eta Etorkizuna dantza taldeen kalejira.
- 19:00etan. Dantza emanaldia Eskolapean: Baigorriko Arrola eta Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeekin.
- Egun osoan. Iparraldeko Polekeleke elektrotxaranga eta Aulestiko K-Tum-K batukada kalerik kale.