Elite mailako eta 23 urtez azpikoen Bizkaiko eta Euskal Herriko txapelketa lehiatuko dituzte Berriatuan domekan [maiatzak 22], eta Euskaldun Sarirako puntuagarria izango da.
Txirrindulariak 15:00etan irtengo dira Berriatuako plazatik. Berriatua, Ondarroa eta Lekeitio artean hiru buelta egingo dituzte. Hirugarren itzulian, Mendexa igoko dute kostako aldetik, eta handik Berriatua pasatu, eta Mutrikuko Kalbaixo auzora helduko dira. Handik Berriatuako helmugarako bidea egingo dute. Hain zuzen ere, iazko ibilbide bera edukiko du lasterketak.
Txirrindulariek 132 kilometroko ibilbidea egingo dute. 180 eta 200 txirrindulari artean espero dituzte. “Parte hartze handia izaten dugu beti, baina, aurten aurreko urteetan baino txirrindulari gehiago espero ditugu, Euskal Herriko txapelketa ere jokatuko delako”, azaldu du Ander Txakartegi Berriatuako Txirrindulari Elkarteko kideak.
Euskal Herriko zein Espainiako txirrindulari talde onenak egongo dira Berriatuan. Tartean, Euskadiko Fundazioko, Caja Ruraleko, Seguros Bilbaoko eta Lizarte taldeko txirrindulariak garaipena lortzeko ahalegina egingo dute.
San Gregorio txirrindulari lasterketak parte hartzaileak, iaz.