Bizkaiko trainerillen bandera jokoan egongo da, Ondarroan
Trainerillen liga amaitu ostean, Bizkaiko trainerillen bandera jokoan egongo da asteburuan Ondarroan. Zehatz esanda, zapatuan [maiatzak 21], sailkapen fasea jokatuko da, eta domekan [maiatzak 22], ostera, finalak.
Sailkapen fasea 16:00etan hasiko da, eta gazte mailako eta nagusi mailako trainerillek 3.500 metro egin beharko dituzte (lau luze eta hiru ziaboga). Sailkapen faseko maila bakoitzeko bost trainerilla onenek domekan 12:00etatik aurrera jokatuko den finala jokatzeko aukera izango dute.
Ondarroako Arraun Taldekoek ligan emaitza onak lortu dituzte, lehen postuan amaitu dute nagusi mailan, eta biharko estropadari begira, trainerilla bat finalean sartzea espero dute.
Finala eta gero, ligako dominak banatuko dira banderagaz batera. Honakoak dira sarituak: Ondarroa (nagusiak neskak-mutilak), Portugalete (mutilak gazteak).