Gizaburuagako Udalak eta Lekeitialde Txirrindulari Elkarteak antolatuta, Eskolarteko II. BTT lasterketa egingo da Gizaburuagan domekan [maiatzak 22]. Proba udaletxeko atzeko zelai inguruetan egingo da, 11:00etatik aurrera. Iaz 160 bat parte hartzaile izan ziren, eta aurten gehiago espero dituzte antolatzaileek.
Partaidetzari dagokionez,
7 urtetik 14 urte bitarteko eskolarrek parte hartuko dute lasterketan. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, Bizkaian federatutakoek edota txirrindulari talde bateko kide direnek parte hartu ahal izango dute bakarrik.
Iaz Gizaburuagan jokatutako probetako bat. Argazkia: Gizaburuagako Udala
Ibilbideari dagokionez, udaletxearen atzeko zelaian zirkuitu antzerako bat sortu dute, eta hari bueltaka ariko dira parte hartzaileak.
Adinaren arabera ibilbidea luzatzen joango da eta zailtasuna ere handiagoa izango dela jakitera eman dute. “Proba egiten lehenak gazteenak izango dira, eta azkenak, zaharrenak. Gazteenek, esaterako, zelaian zehar prestatu dugun zirkuitua bete beharko dute, baina nagusienek, zelaian zehar ibiltzeaz gain, bidegorrian zehar ere ibili beharko dute. Zelai ondoan dagoen zubia igaro eta bidegorrian zehar prestatu diegun zirkuitua bete beharko dute zelaiara beste zubi batetik bueltatu aurretik”.
Bestalde, eguraldiaren eta ibilbidearen egoeraren arabera, zirkuituaren luzera moztu ere egin daitekeela ere adierazi dute. “Iaz oso txarra egin zuen, eta ibilbidea zer edo zer moztu egin behar izan genuen, baina aurten ez dugu uste horrelakorik gertatuko denik. Ona dago iragarrita behintzat”.
Txirrindulari gazteak Gizaburuagako BTT lasterketan parte hartzen. Argazkia: Gizaburuagako Udala
Kirola egin eta partehartzailetasuna bultzatu nahi dute jai giroan domekako proban, hori dela eta,
denek izango dituzte sariak. “Helmugan lehen postuan sartzen denak edo azkenak saria bera izango du. Ez da inorentzako sari berezirik egongo”.