Binaka aritu eta gero, banaka lehiatuko dira orain puntista gipuzkoarrak Ezker Hormako Elkarteen Arteko Gipuzkoako Txapelketan. Finalak zapatuan [maiatzak 21] jokatuko dira Mutrituko Miruitz pilotalekuan, 17:00etatik aurrera.
Kadete, nagusi 2. maila eta nagusi 1. mailako pilota partidak ikusteko aukera egongo da pilotazaleen jaialdian. Kantxara salto egiten lehenengoak
kadete mailako puntistak izango dira. Maila horretan Zumaiko bi pilotariren arteko lehia ikusteko aukera izango da. Julen Lopez eta Eduardo Agirre nor baino nor ariko dira txapela lortzeko ahaleginetan.
Mutrikuko Miruaitz pilotalekua
Nagusien 2. mailako txapela lortzeko ahaleginetan, berriz, Mutrikuko Danok Bat Pelotazale Elkarteko Mikel Manzisidorrek Zumaiko Koxme Agirreren aurka neurtu beharko ditu indarrak. Azkenik, nagusien 1. mailan, Unai Alberro donostiarrak Tolosako Arkaitz Izagirreren aurka jokatuko du final handia.
Herritarteko Txapelketa ere bai
Banakako finalaz gain, egunotan beste txapelketa bat ere jokatuko da Miruaitzen. Barikuan [maiatzak 20], hain zuzen ere, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren bigarren jardunaldiko partidak jokatuko dira, 19:00etatik aurrera. “Aurreko jardunaldian ez genuen partidarik jokatu, beraz, aurtengo estreinaldia barikuan egingo dugu”, nabarmendu dute Danok Bateko arduradunek.
Danok Bateko puntistek Donostiako Jai Alai klubeko kideen aurka jokatuko dute kadete, gazte eta nagusi mailan. Mutrikuko taldetik Oier Lizardik eta Jon Iparragirrek (kadete maila), Mikel eta Aitor Manzisidorrek (gazte maila) eta Jon Mendizabal
Goixerri eta Aitor Andonegik (nagusi maila) jokatuko dute kanporaketa.