Lea-Artibaiko ekoizleen plaza izan da laugarren urtez, Markina-Xemeingo Baserri Eguna. Goiz ibili dira bertoko ekoizleak postuak prestatzen gaur goizean [maiatzak 21], eta azoka 10:00etatik zabalik egon bada ere, urtero modura, eguerdian batu da jende gehien Plazabarripean.
Jende asko batu da eguerdian, Plazabarripean.
Berton dagoen eskaintza zabala aurkitu dute, besteak beste, plazara hurreratu direnek, gaurko azokan: Larruz, Barroeta eta Baskaran ekoizleen ardi eta ahuntz gaztak, Txomin Arregiren eta Larruz baserriko ortuariak, Ateungo txerrikiak, Meabe eta Berriatuko ogiak eta gozoak, Joxean Ostolazaren eztia eta kremak, MIBAren landara, pentsu eta olioak eta Laneko eta Axperen sagardoa eta txakolina, besteak beste.
Giroa ere lagun izan da gaurkoan, eta posturik postu ibili eta zer edo zer hartzeko aukera paregabea eskaini du.
Eskuak lurrean sartuta
Baserria kaleratzeko helburuagaz, baserriagaz lotura daukaten ekimenek osatu dute Baserri Eguna. Aurtengo ekimena umeei zuzenduta egon da, batez ere. Sustariak Naturaren eskutik lehen landatze lanak egin dituzte ume eta gaztetxoek Lorezaintza tailerrean. Potoetan lurra prestatu eta azelgak, letxugak eta piperrak landatu dituzte gero, ortu txikia etxera eramateko.
Umeak Sustraiak Naturak eskainitako Lorezaintza tailerrean parte hartzen.
Bekobenta Herri Eskolak aurrera daraman jantokiko proiektua ere azaldu dute. Eusko Jaurlaritzak lau ikastetxe publikoetan jarritako proiektu pilotuetan lehena izan da Bekobenta, apirilaren 4an martxan jarrita, eta Zuriñe Egia eta Susana Fundazuri elkarrizketatu ditu Eneko Arratek herritar guztiei proiektuaren berri emateko. Proiektuak hiru helburu nagusi betetzen dituela azaldu dute Bekobenta eskolako gurasoek: tokian tokiko janaria izatea, sasoian sasoikoa eta ekologikoa.
Musika Eskolakoen kalejirak alaitu ditu kaleak eta plaza.
Bildots errea
Azokako produktuak ikusi, erosi eta probatzeagaz gain, bildots pintxoak dastatzeko aukera ere ez du galdu jende askok. 09:00ak inguruan piztu dute sua Elorrioko erretzaileek, eta burduntzian izan dituzte 25 bildotsak 12:30ak arte. Orduan hasi dira banatzen pintxoak, gehienez bost pertsonako, denentzat ailegatzeko. Lehen momentutik egin dira jakia probatzeko gogoz zeudenen ilarak.
Bildots pintxoak “ederrak ” egon direla adierazi dute dastatzaileek. Bertokoa izan da okela hori ere. Larruz, Barroeta eta Santa Mañeko zelaietan hazitako bildotsena. Ez da geratu bat ere jan barik.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.