Goizetik hasi da gaur [maiatzak 21] mugimendua tabernen inguruan eta Eskolapean. Izan ere, urtero, gaurko egunez ospatzen den azoka bereziari lekeitiar askok oso gustuko duen Gisatu Txapelketa batu zaio.
11:00etan zabaldu dituzte Independentzia Plazako postuak. 30 bat postu egon dira aurten azokan, gehienak Iparraldetik etorritako ekoizleenak. Hala, ahate produktu ugari eskuratzeko aukera izan dute azokara joan direnek. Landare, artisautza eta jantzien postuak ere egon dira, eta zelan ez, jan edanari lotutako ugari: txerrikiak, taloak, gazta, trufa…
Elkartasunik ere ez da falta izan. Lekeitioko Janarien Bankurako janaria erosteko era guztietako produktuak izan dituzte salgai euro batean: jolas, liburu eta poltsak.
Beti Gazte Irabazle
Batzuk Independentzia Plazako azokan egon diren bitartean, beste asko gisatu prestaketan aritu dira. 25 kuadrillak eman dute izena Gisatu Txapelketan parte hartzeko, baina, azkenean, 24 kazola aurkeztu dira. Tabernen inguruetan izan dituzte euren txokoak jarrita kuadrillek eta ez dute ezer falta izan, eguzkitakorik ere ez. Eguerdi partean, bero handia zegoen, eta euren gerizpean babestu dira.
13:30ean eraman dituzte gisatu guztiak limoiondoen beheko partean jarritako mahaietara. Orduan hasi da epaimahaiaren lana. Miguel Angel Madarieta eta Joseba Izagirre Leioako sukaldari eskolako irakasleak eta Mertxe Arrizubieta zinegotziak probatu dituzte gisatuak, Aittitta Txikiko kideek lagunduta. Gustuari, gatz puntuari eta itxurari eman dizkiete puntuak, eta azken urteetako mailarik baxuena egon dela iruditu zaie. Kolore gutxi, gustu gutxi eta ur asko izan dute aurtengo gisatuek.
Epaimahaiaren ebazpenaren arabera, aurtengo irabazleak Beti Gazte kuadrilla izan da, 57 puntugaz. Aittitta Makurra Elkarteak eta Aittitta Makurra Txarangak eraman dituzte bigarren eta hirugarren saria. Aurtengo Limoi Horia saria, bestalde, Willows Desafioarentzat izan da. GISATU TXAPELKETAKO SAILKAPENA
Gisatu Txapleketa irabazi duen Beti Gazte kuadrilla, sariagaz.
Ez dago jairik musika falta duenik, eta Lekeition gaur, aukera nahikoa egon da. Baigorriko Gaiteroak, Itxaropena Txistulariak, Joaldunak eta Aittitta Makurra txarangak jarri diote alaitasuna, Aittitta Txiki elkarteak herriko hainbat talderen laguntzagaz, antolatu duen XVI. Iparraldeko Haizeei.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.