Domekan [maiatzak 22] jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren
Udaberriko faseko azken saioa, Getxon. Eta ondorioz, puntuazioz Udagoieneko faserako sailkatutako
25 bertsolariak erabakita geratu dira. Horien artean daude Lea-Artibaiko lau bertsolari eta Busturialdeko hiru.
Aitor Ruiz lekeitiarrak parte hartu zuen domekako saioan. Eta 133,5 puntugaz, azken postua eskuratu zuen. Saioa, ostera, Malen Amenabarrek irabazi zuen.
Bertsolariak, eskualdeka. Udaberrikoa amaituta, Udagoieneko saiorako puntuazioz sailkatu diren Lea-Artibaiko bertsolariak ondokoak dira: Nerea Ibarzabal Salegi (188,5 puntu), Joseba Artza Zubillaga (183,5), Eneko Arrate Sololuze (166,5) eta Aissa Intxausti Aburruza (161,5). Artzak, gainera, maiatzaren 14an jokatutako Arrigorriagako saioa irabazi zuen.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Udaberriko faseko azken saioa, Getxon. Argazkilaria: Bizkaiko Bertsozale Elkatea.
Finalista izandakoak. Puntuazioz sailkatutako 25 bertsolariei noizbait finalista izandako bost bertsolari gehituko zaizkie: Beñat Ugartetxea Ostolaza, Eneko Abasolo Txabarri Abarkas, Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia, Miren Amuriza Plaza eta Peio Ormazabal Villanueva.
2014ko txapelketan finalista izan zirenak, ostera, finalaurrekoetan sartuko dira lehiara.
Finalean zortzi bertsolari lehiatuko dira. Abenduan izango da hori; finalaurreko bakoitzeko hiru irabazleak, eta gainontzeko bostak, puntuazioz sailkatuko dira.
Beste alde batetik,
Aiora Iriondo ondarrutarrak Bizkaiko Eskolarteko Txapelketan saria lortu du.
Oinak buruan lelopean egin da aurten txapelketa. Eta domekan [maiatzak 22] idatzizko finala eta bat-bateko finala jokatu ziren Getxoko Fadura aretoan. Idatzizkoen artean, hain zuzen ere, Iriondo Ondarroako Zaldupe eskola publikoko ikasleak jaso zuen seigarren mailakoen lehenengo saria.
Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea.
Bat-bateko finala Txaber Altube Sarrionandia Durangoko Bertso Eskolako kideak irabazi zuen. Hari, Iratxe Ibarra Foruria bertsolari markina-xemeindarrak jantzi zion txapela. «Ibarra urte askoan izan da bertso eskolako irakasle, eta eskolartekoan ere behar handia egin du», gaineratu dute Bizkaiko Bertsolari Elkarteko ordezkariek.