Domekan [maiatzak 22] Gizaburuagan egin zen II. BTT lasterketan Bizkai osotik etorritako 115 txirrindulari batu ziren. Antolatzaileen esanetan, inguruetako herrietatik etorritakoak izan ziren asko eta asko; Lekeitiokoak, Markina-Xemeingoak, Ondarroakoak, Busturiakoak… denak ere, bizikletaz ibiltzeko gogo handiagaz etorri ziren Gizaburuagara.
Parte hartzaileak, zirkuitua betetzen. Argazkia: Iker Gojenola / Lekeitialde Txirrindulari Taldea
Aurreikusitako kopurua baino gutxiago izan baziren ere,
emaitzagaz oso gustura geratu dira proba antolatzen ibili diren Gizaburuagako Udaleko eta Lekeitialde Txirrindulari Elkarteko kideak, eta datorren urtera begira ere, proba antolatzeko asmoa agertu dute, udaberri aldean.
Proba egitera animatu zenak, ostera,
ondo pasatzeko aukera “paregabea” izan zuela nabarmendu dute antolatzaileek. “Aurreko egunean euri asko egin zuen, eta hortaz, prestatutako zirkuituan basa asko batu zen. Ez zen iazko beste basa egon, baina gaztetxoeek ondo pasatzeko aukera izan zuten”.
BTT lasterketako partehartzaileak irteeran. Argazkia: Iker Gojenola
Parte hartzaileek adineka banatuta egin zituzten probak, eta adinaren arabera, ibilbidearen luzera eta zailtasuna handitzen joan ziren. Txikienak udaletxe atzeko zelaian prestatutako zirkuituan ibili ziren bizikletan eta nagusienak, ostera, bide horitik zehar ere igarotzen zen zirkuitua bete behar izan zuten. Basa asko batu zenez, 13 eta 14 urte bitartekoen ibilbidea zer edo zer moztu egin behar izan zuten, bestelakoan, beste ibilbideak bere horretan mantendu ziren.