‘Neskatoak’ dokumentala proiektatuko dute Markina-Xemeinen
Frankismo garaian (1940-1975) Ipar Euskal Herriko hotel eta jatetxeetan lanean aritu ziren emakumeen bizipenak kontatzen dituen Neskatoak dokumentala proiektatuko dute gaur [maiatzak 27], 19:30ean, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean.
Jon Abril Olaetxe kazetariak zuzendutako ikus-entzunezkoak hamabost emakumeren testigantzak biltzen ditu.
Hizkuntza ezagutu ere egin gabe, ehunka izan ziren muga zeharkatu zutenak, pasaporterik eta lanerako baimenik gabe. Eta 12 eta 14 orduko lanaldiak egiten zituzten neskame edo neskato lez.
Jendartean eraginez. Gaur egungo migrazio prozesuetan bezala, emakume horiek orduko jendartean eragin zuten. Izan ere, batzuk denboraldi baterako joaten baziren ere, beste batzuk bertan gelditzen ziren, batez ere, gurasoei eta etxekoei urte osoan ekonomikoki laguntzeko.
Abrilek zuzentzen duen leheneko lana da Neskatoak. Kultur kudeaketan aditua da eta gaur egun Elhuyarren dabil lanean, partaidetza teknikari moduan.