8 urtetik 13 urtera arteko 60 gaztek parte hartu zuten, zapatuan [maiatzak 28] Lekeition egin zen Gazte Triatloian. Besteak beste,
Durango, Ondarroa, Castro Urdiales eta Lekeitioko kirolariek egin zuten igerian, bizikletan eta aringa-aringan portu inguruetan.
Adinaren arabera,
distantzia ezberdinak burutu behar izan zituzten kirolariek. 8 eta 9 urteetako triatletak izan ziren lehenak Lekeitioko uretara sartzen. Portuan egin zuten igerian eta bizikletan eta parkeari buelta erdi eman behar izan zioten triatleta txikienek.
Gazteak bizikletan Lekeitioko portuan.
Alebinak eta gazteak Isuntzako hondartzan hasi zuten proba eta uretan distantzia ezberdinetara kokatutako buiari buelta emanda, portura arte egin zuten igeri portuko maldaxkatik igo eta bizikletak hartzeko. Portuari bi buelta bizikletan eta parkeari buelta eta erdi eman behar izan zioten alebinek. Hiru itzuli bizikletan eta bi buelta oso eman zizkioten parkeari, ostera, gazteek.
“Proba bikaina egin zuten gazteek; meritu handia dute itsasoko ura hotz-hotza dago eta oraindik”, adierazi du Luis Aretxabaleta
Lekeitioko Garraitz Kirol Taldeko arduradunak. Urtero modura, Lekeitioko Triatloi Taldeak antolatu du gazteei begirako proba, ume eta gazteak ere triatloia ezagutu eta kirol horretan lehen pausoak emateko aukera eskaintzeko helburuagaz.
“Umeak eta gurasoak probagaz pozik eta gustura geratu direla esan digute”, jakitera eman du Aretxabaletak probaren balorazio ona eginez. Horrez gain, ekainaren 11-n Maialen Aulestiaren aldeko krosa egongo dela aurreratu du.