Arantza Zuluetak Legebiltzarrean deklaratzea eskatu du EH Bilduk
“Legediak debekatu arren, Zuluetak bi urte eta erdi daramatza isolamendu egoeran, eta behar beharrezkoa da Zuluetak berak eta haren abokatu Alfonso Zenonek bidegabekeria horren lekukotasuna Legebiltzarrari ematea”, adierazi du Julen Arzuaga EH Bilduko ordezkariak.
Zulueta bere jaioterritik 1.000 kilometrora dagoen Puerto III-ko kartzelan dago. Eta pairatzen ari den “tratu krudel eta gizagabearen” lekukotasuna ematea beharrezkoa dela dio EH Bilduk. Zulueta preso dagoenez, haren agerraldia bideokonferentziaz egin dadila eskatu du EH Bilduk. “Haren osotasun fisiko, psikiko eta moralean eragin ikaragarria ari da izaten jasaten ari den egoera” .
EH Bilduko bozeramaileak gogora ekarri duenez, isolaturik egonda, Zuluetak debekaturik dauka edozer aktibitate egitea eta bere kontaktu bakarra kartzelako funtzionarioak dira. “Patioa sabaia sare metalikoaz estalita duen kaiola da eta miaketa etengabeak egiten dizkiote”.