Atletismo denboraldiari
amaiera bikaina eman dio Markina-Xemeingo Atletismo Taldeak. Bigarren urtez, Euskadiko Txapelketarako sailkatu da taldea eta
bosgarren postua lortu dute bertan. Horrez gain,
urrezko eta brontzezko dominak ere eskuratu dituzte taldeko kirolariek, aurtengo denboraldiari amaiera biribila emanez.
Joan den zapatuan [maiatzak 28] lehiatu zen Zorrozan Euskadiko Txapelketa. Zortzi neskak osatu zuten Markina-Xemeingo taldea, bakoitzak proba ezberdinetan parte hartu zutelarik. Horrela,
Sara Asenjok 80 metroko hesi lasterketan parte hartu zuen,
Libe Arratek luzera jauzian,
Izaro Larrinagak pisua jaurti zuen,
Amaia Ugartek 80 metroko lasterketa egin zuen,
Sofia Zacharovak 500 metroko lasterketa,
Maixa Aspiazuk 1000 metroko lasterketa eta
Ane Antak altuera jauzia egin zuen.
Markina-Xemeingo Atletismo Taldea
Horrez gain, 4×80 erreleboetan parte hartu zuten taldeko neskek.
Ane Meabe, Sofia Zacharova, Libe Arrate eta Amaia Ugartek egin zituen erreleboak.
Bizkaiko Selekzioagaz
Markina-Xemeingo Taldea ordezkatzen joan ziren atletez gain, taldeko beste bi kirolari ere egon ziren Euskadiko Txapelketan. Denboraldian izandako emaitza onen harira, Bizkaiko Selekzioak aukeratu ditu
Igor Jaio eta
Saioa Telleria Markina-Xemeingo Atletismo Taldeko kirolariak. Jaiok jabalina jaurtiketan lehiatu zuen, beraz, Bizkaiko Selekzioagaz eta Saioa Telleriak 3 kilometroko martxan.
Saioa Telleria podium gainean. Argazkia: Gabi Telleria
Trebezia handia erakutsi zuen Saioa Telleriak Euskadiko Txapelketan eta podiumaren gorenera igo zen urrezko domina irabazita. Sofia Zacharova ere bikain aritu zen eta beretzat izan zen 500 metro lasterketako brontzezko domina.
Ikasturte hasieran espero ez zituzten
emaitza onak lortu dituztela adierazi dute Markina-Xemeingo Atletismo Taldeko arduradunek. “Iaz lehen aldiz lortu genuen taldeka Euskadiko Txapelketara heltzea eta aurten errepikatu egin dugu”. Beraz, denboraldiaren balorazio oso ona egin du taldeak eta Barroetako kirolgunearen onurak nabaritu dituztela aitatu dute. “Azpiegitura egokirik ez genuenez, lehen entrenatzeko aukerarik ez genuen kirol batzuk prestatzeko aukera daukagu orain, eta gure atletak asko hobetu dira. Oso gustura gaude eurekin eta emaitzak agerian daude”.
Sofia Zacharova podium gainean. Argazkia: Gabi Telleria