Muturreko kayak espedizioak mintzagai izango dira, Lekeition
Lekeitioko Dzanga piragua taldeak antolatuta, Caminos de Agua filma ikusteko eta muturreko kayak espedizioen inguruko hitzaldian parte hartzeko aukera egongo da ekainaren 3an, 19:00etan, Lekeitioko kultur etxean.
Caminos de Agua dokumentalak kayakean ibiltzen diren Mikel Sarasola, Aitor Goikoetxea eta Xabier Olano euskal herritarrek hilabetez egindako bidaia batean bizitakoak kontatzen ditu; Patagoniako mendietan hasi eta itsasora arteko bidea egin zuten (600 kilometro). Bidaian, gainera, ur jauzi eta erreka berriak bilatu eta Patagoniako laku handiak zeharkatu zituzten, piraguaz.
Eta hain justu, Sarasola bera egongo da Lekeition. Gainera, Euskal Herri zein mundu mailan punta-puntan dabilen kirolaria dela diote antolatzaileek. “Bere Curriculuma ikusi baino besterik ez dago”, diote Dzanga taldekoek.
Gainera, Caminos de Agua filmak hainbat sari jaso ditu: Bilboko Mendi Film Festivalean (2014), Limako (Peru) InkaFest lehiaketan (2015) eta Espainiako Ukerdi Film Festivalen, besteak beste.