Ondarroako Udalak Larruskainen duen lur eremua berreskuratu nahi du, hondakin organikoa erabiliz
Ondarroako Udal ordezkariek Larruskaingo lurretan baso naturala berreskuratzeko proposamena egin nahi die gainerako eskualdeko alkateei. Funtsean, Ondarroako Udalaren proposamena da eskualden soberan dagoen konposta lur eremu horretan erabiltzea. Eta modu horretan baso naturala berreskuratu.
Ondarroako udal ordezkariek proposamena bertatik bertara aurkeztu nahi diete gainerako alkateei. Eta ondorioz, ekainaren 3an [barikua] Larruskaingo plazan batzeko hitzordua proposatu die, 09:30ean. “Ondarroako Udalaren asmoa da eskualdeko etxeetako hondakin organikoekin sortutako konpostagaz lur hori aberastea, lurretik sortutakoa lurrari bueltatuz”.
Konpost soberakina erabiliko den gunea erakusteaz gain, Lea-Artibai Amankomunazgoak daukan konposta birrintzeko makina lanean ikusi ahalko dela ere aurreratu dute.
Amankomunazgoaren esanetan, eskualdean gero eta gehiago dira konposta egiten duten herritarrak.
Hitzarmena Lurgaia fundazioagaz. Ondarroako Udalak Larruskainen zituen hamalau hektareatan bertoko basoa berreskuratzeko hitzarmena sinatu zuen duela hiru urte Lurgaia fundazioagaz. Izan ere, aurretik, eremu horretan pinudia egon zen, eta pinuak ebaki ondoren lurra biluzik geratu zen.