Hilekoaren inguruan egoten diren uste, tabu eta solas literario eta artistiko ezberdinak jorratuko ditu
Ainhoa Aldazabal Gallastegi Euskal filologo, Skolastika taldeko kide eta emakumeen literaturan adituak, zapatuan [ekainak 4], Markina-Xemeingo Herri Bibliotekan hasiko den
Hilekoa idazten eta irakurtzen izeneko tailerrean.
Hilekoa ardatz hartuta, generoa eta literatura ikuspuntu feministatik landuko ditu eibartarrak, lau orduko hiru saiotan. Lehenengo saioa, zapatuan,
09:30etik 13:30era izango da, eta beste biak urrian eta azaroan izango direla aurreratu du Igor Idoeta Herri Bibliotekako arduradunak.
Hilekoa izango da tailerraren ardatza.
“Ohartu gara ez dela gauza bera odol-isurketak Euskal Herrian edo Tunezen izatea; gaur egun edo antzina metodo higieniko desberdinak erabiltzen genituela, ez dugula gure hilerokoagaz harreman bera haurdun geratu nahi dugunean eta kuleroak odolez bustitzen ditugunean edo haurdun geratu nahi izan gabe hilerokoa ez datorrenean. Baina, jakin badakigu hilerokoarekin lotutako esperientzia komunak ere baditugula eta horri ere helduko diogu ikastaro honetan”, azaldu du Ainhoa Aldazabal Gallastegik.
Horretarako material ugari bildu dute. “Alde batetik patriarkatuak hilerokoa zergatik eta zertarako isilarazi nahi duen pentsatzera eramango gaituen materiala izango dugu. Beste alde batetik, feminismotik eta emakumeek hilerokoa bizitzeko egin dituzten proposamenak ikusi, irakurri eta komentatuko ditugu”. Horretarako,
historiara, literaturara eta komikietara joko dute, besteak beste.
Tailerra
dibertigarria eta dinamikoa izango dela aurreratu dute antolatzaileek eta liburuak izango dituzte bidelagun, “klasean landuko ditugun gaietan sakontzeko”.