Xistera proiektuko zuzendaritzan dago Izaro Arbe markina-xemeindarra, Eskolen Sustapen Batzordean, hain zuzen. Elkartearen helburu nagusienetariko bat emakumeen kirola sustatzea dela nabarmendu dute; beraz, bi erronka nagusi izango ditu, alde batetik, zesta-punta hezkuntza formaleko ikastetxeetan sartzea, eta bestetik, nesken topaketak antolatu, koordinatu eta neskak ere zesta-puntaren bidera batzea.
Izaro Arbek oso ondo ezagutzen du zesta-punta, 12 urtegaz hasi zen-eta jokatzen. “Orain dela hamar urte inguru hasi nintzen, nebaren partida bat ikusten nengoen, eta aitari zestaz jokatu nahi nuela esan nion”, azaldu du. Hasieratik modalitatea “oso erakargarria” iruditu zitzaion, eta beste kirol batzuetan ere aritu bazen ere, azkenean zesta-punta aukeratu zuen.
Ibon Urreisti Xistera elkargoaren lehendakaria eta Izaro Arbe. Argazkia: Xistera
Urte askoan neska bakarra izan da Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolan, eta adinean aurrera egin ahala, gero eta gaitzago egin zaio jokatzea. Baina egoera horri buelta ematen hasita daude. Gaur egun Markina-Xemeinen, esate baterako, hamabost neska ari dira zesta-punta ikasten. Bekobenta Herri Eskolan dagoen frontoian batzen dira martitzenetan eta eguenetan entrenatzeko.
Xistera, proiektu garrantzitsua
Xistera proiektuagaz zesta-punta indartzen hasi dela uste du Arbek. “Xistera proiektua ideala da. Orain dela urte batzuk beherakada bat egon zen zestan, baina orain, egiten ari diren ekintzekin, indarra hartzen ari da”. Bere ustez, gauzarik garrantzitsuena, “klub guztiak elkarrekin egotea da, eta hori beste modalitateetan ere egin beharko litzateke”.
Izaro Arbe eta puntista gazteak. Argazkia: Xistera
Izaro Arberen laguntzagaz nesken zesta-puntak gero eta garrantzia handiagoa hartzea nahi du Xistera proiektuak, eta hurrengo jaialdietan, klubek antolatuta, nesken arteko partidak ere egongo direla aurreratu dute.
Ibon Urreisti lehendakaria, Izaro Arbe eta puntista gazteak. Argazkia: Xistera
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.