Larruskaingo baso naturala berreskuratu nahi dute, hondakin organikoagaz
Ondarroako udal taldeak eskualdeko alkateei gunea erabiltzeko proposamena egin die. Ondarru Zero Zamarren iritziz, iaz hondakin gutxiago birziklatu zen, eta gehiena zabortegira bideratu zenOndarroako Udalak Larruskainen duen baso naturala berreskuratu ...
Ondarroako udal taldeak eskualdeko alkateei gunea erabiltzeko proposamena egin die. Ondarru Zero Zamarren iritziz, iaz hondakin gutxiago birziklatu zen, eta gehiena zabortegira bideratu zen
Ondarroako Udalak Larruskainen duen baso naturala berreskuratu nahi du, soberan dagoen konposta lur eremu horretan erabiliz.Ondarroako udal taldeak gainerako eskualdeko alkateei luzatu nahi izan die proposamena, eta horretarako, bihar, Larruskaingo plazan batzeko hitzordua ipini dute, 09:30ean. «Ondarroako Udalaren asmoa da eskualdeko etxeetako hondakin organikoekin sortutako konpostagaz lur hori aberastea, lurretik sortutakoa lurrari bueltatuz».
Konpost soberakina erabiliko den gunea erakusteaz gain, Lea-Artibai Amankomunazgoak daukan konposta birrintzeko makina beharrean ikusi ahalko dela ere aurreratu dute. Amankomunazgoaren esanetan, eskualdean gero eta gehiago dira konposta egiten duten herritarrak.
Ondarroako Udalak Larruskainen zituen hamalau hektareatan bertoko basoa berreskuratzeko hitzarmena sinatu zuen duela hiru urte Lurgaia fundazioagaz. Izan ere, aurretik, eremu horretan pinudia egon zen, eta pinuak ebaki ondoren lurra biluzik geratu zen.
Zamar gehiago erre da
Bestalde, Ondarru Zero Zamar taldeak dio 2015ean hondakin kopuru gutxiago birziklatu zela Ondarroan. Bizkaiko Foru Aldundiaren datuen arabera, iaz, 2.899.981 kilo hondakin sortu ziren, eta horietatik 2.112.838 kilo zamar erretzera eta zabortegira bideratu ziren. Gainontzeko 757.143 kilo birziklatu egin ziren eta beste 30.000 kilo, konpost bihurtu ziren.
Hala, sortutako hondakin kopuru osoaren %27,1 bideratu ziren birziklatzera, eta %72,9 erretzera eta zabortegira. «Txarrena da erretzera bideratu ziren hondakin asko birziklatu edo konpost bihurtu ahal zirela», azaldu dute Ondarru Zero Zamar taldeko kideek. Lea-Artibai Amankomunazgoak emandako datuen arabera, eskualde mailan ere egoera antzekoa da. «Hondakinen %73 erretzera eta zabortegira bideratu ziren».
Datu horiek ezagututa, hondakin kopuru horiek erretzera eta zabortegietara bideratzean «material asko alperrik galtzen» dela azaldu dute Ondarru Zero Zamar taldekoek. «Bizkaiko zabortegiak zamarrez eta errautsez betetzen ari gara, eta opari hori gure seme-alabei utziko diegu». Horrez gain, «dirua alperrik galtzen» ari dela diote. «Zamarrak erretzearren ordaindu egin behar da, eta birziklatzen dena saldu egiten da. Hain zuzen ere, birziklatzetik jasotzen den dirua hondakinen bilketa merketzeko erabiltzen da».
Errealitate horren aurrean, ahalik eta arinen egoera hori aldatzeko garaia dela dio Zero Zamar taldeak. «Gehiago birziklatu behar dugu. Gure osasunarentzat onagoa delako, poltsikoan ere igarriko dugulako eta gure seme-alabek eskertuko digutelako».